ETAk Zutabe aldizkarian esandakoei erantzunez, erakunde armatuak auzi politikoetan zer esanik ez duela adierazi dute hainbat alderdi politikok, hala nola PSE-EEk, EAk eta Aralarrek.
ETAk prozesua «bururaino» eramateko borondatea agertu izana, dena den, positiboa dela adierazi zuen Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiak. ETAk barne agerkarian esandakoetan «Euskal Herriko prozesuaren gainean nolabaiteko zaindaritza politikoa egiteko» asmoa sumatzen dela ohartarazi zuen, eta erakunde armatuak ezin duela inoren solaskide izan, eta ezin dizkiela «herri borondatearen ordezkari zilegiei» baldintzak, erritmoak edota irizpideak ezarri. Javier Rojo Espainiako Senatuko presidentearen iritziz, ETAk Zutabe aldizkarian esandakoak ez dira atzera pausoa, besterik gabe, «ezer berririk ez duelako esan».Iritzi berekoa da Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia: «Ez du ekarpen berririk egiten». ETAren eginkizuna «mahai teknikora edo desmilitarizazioari buruzkora» mugatu behar duela adierazi zuen EAko ordezkariak, eta adierazpen politikoak alderdi politikoei dagozkiela.Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak ETAri eragile politiko gisa jokatzeko gaitasunik ez diola aitortzen adierazi zuen. Zabaletak esan zuenez, erakunde armatuak hiru arlotara mugatu behar du «desarmea, presoak eta biktimak», eta gainerako auziak «eragile politikoei dagozkie». ETAk Aralarri eta ABri egindako kritikei buruz galdetu ziotenean, erakunde armatuak «zaindari politiko» gisa jokatu nahia arbuiatu zuen Aralarreko buruak.Mikel Arana Ezker Batuko lehendakaritzako bozeramaileak, berriz, kezka agertu zuen ETAk Zutabe barne agerkarian negoziazio prozesuaren hausturaren posibilitatea aipatzen duelako.Maria San Gil EAEko PPko lehendakariaren ustez, aldiz, ETAk «gero eta exijentzia handiagoak» egiten ditu, «gero eta tonu gogorragoan». EAEko PPko buruzagiak adierazi zuenez, «hiltzeak saririk ez badu, hiltzeari uzteak ere ezin du saria izan», eta PP «oso adi» izango da, ETAri «ezer» ez zaiola emango ziurtatzeko.Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen ETAk idatzitakoei buruzko ezer adierazi nahi izan, «ETAk esaten duena esaten duela, bata bestearen atzetik egindako erreakzioek ez dutelako ezer berririk ekartzen».
Auzi politikoetan ez sartzeko erantzun diote ETAri
Erakunde armatuak prozesua «bururaino» eramateko borondatea agertu izana positiboa dela adierazi du PSE-EEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu