Gaur goizean heldu diote berriz astelehenean hasitako epaiketari, gazteak atxilotu eta inkomunikazio aldian galdekatu zituzten guardia zibilekin. Stop tortura leloa duten elastiko beltzekin sartu dira aretora akusatuak, baina ez dute denbora gehiegi egin han, galdekatu zituzten guardia zibilak aurrez aurre ikustea ez dela-eta xamurra argudiatuta defentsak handik ateratzeko eskatu baitu polizien deklarazioek iraun bitartean. Epaileak baimena eman die, eta arratsaldean ere ez dute joateko beharrik izan. Auzipetuen ustez, epailearen erabakiak erakusten du guardia zibilen torturen berri baduela, eta haiek auzipetuei leporatutakoek ez dutela baliorik.
Jon Ziriza eta Ainara Bakedano galdekatu zituen guardia zibilari egin dio Amaia Izko akusatuen abokatuak galdera —biek salatu dituzte torturak—: "Atxilotuek tratu txarrik jaso zuten?". Guardia zibilak, berriz, ezetz: "Tratu txarrik, bat ere ez". Beste guardia zibiletako batek esan du Zirizaren aurkako akusazioak egitean deklarazioa "bat-batekoa" izan zela. Bakedanok, berriz, oso gogoan du guardia zibilek dioten bat-batekotasuna: "Aurpegia agerian zuenak esaten zidan Segikoa nintzela onartuta dena bukatuko zela". Deklarazioa hartzeko orduari buruz ere galdetu dio abokatuak: "Zergatik hartu zenioten deklarazioa goizeko hiruretan?". Guardia zibilaren erantzuna: "Ez dakit".
Goizean bost guardia zibilek hitz egin dute atxilotuekin izandako tratuaren inguruan, eta arratsaldean zortzik; denek ukatu dute 36 atxilotuetatik 30ek salatu dituzten torturak. Baiezko eta ezezko hutsez erantzun dituzte galdera guztiak, eta oso labur azalpenak eman beharrekoetan. Uste baino laburrago joan dira goizeko nahiz arratsaldeko saioak.
Torturak ukatzeaz gainera, poliziek deklaratu dutenez, gazteonak Segiren helburuak direla, eta gazte batzarretan eta beste hainbat taldetan infiltratuta egin dutela lan.
Tortura salaketak
Auzi saioaren atarian, Espainian torturatzaileek duten zigorgabetasuna salatu dute gazteek, baita praktika hori ahalbidetzeko ezarritako "babes katea" ere: inkomunikazioa, ikerketarik eza edo "ikerketa ahulak", eta indultuak. "Estatua da torturatu gintuena", esan dute: "Tortura estatu erabakia delako, eta hala izango da hori etetea ere". Bideoa: Jon Iñarritu epaiketa hasi aurretik (BerriaTB).
[YouTube]http://youtu.be/ZHJvTDvesrE[/YouTube]
Epaiketara aurkeztu diren 36 auzipetuek deklaratu zuten aurreko astean, eta askok epaile aurrean kontatu zituzten jasandako torturak. "Kolpeak, mehatxuak, astinduak... familiarekin mehatxu egiten zidaten, amarekin, arrebarekin". "Autoa gelditu, oihuka hasi, atea ireki, eta pala aterako zutela esan zuten. Ni ez nintzen pertsona ere". Halako hamaika testigantza eman zituzten auzitegian, malkoei eutsi ezinik batzuek. "Malkoak, barne minak eta ezinak hartu gintuen".
Gazteen gutuna torturen inguruan
"Ez dugu onartuko gure torturatzaileen adierazpenik epaitegian. Hori da ostegunean [gaur] izango dugun jarrera". Hala ohartarazi dute Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren gazteek, BERRIAra bidalitako gutunean. Gaur jarraitu du aurreko asteko astelehenean hasi zen epaiketak, gazteak atxilotu eta inkomunikazio aldian galdekatu zituzten polizien deklarazioarekin. Defentsak gazteei ateratzen uzteko eskatu dio epaileari guardia zibilen deklarazioak entzun behar izateko, eta baimena eman du horrek: gazteak joan egin dira.
Sumarioan dauden gazteetatik 30 torturatu egin zituztela gogorarazi dute gutunean, eta oraindik auzibidean daudela haiek jarritako salaketak. Hala ere, fiskalak eta akusazioek froga moduan hartu dituzte gazteek polizien esku inkomunikatuta zeudela egindako deklarazioak, auzipetuek horiek ukatu arren. Seina urteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat, Segiko kide izatea egotzita. Beren abokatuen galderei erantzunez, gazteek aldarrikatu zuten militante politiko eta sozialak direla eta hori dela Auzitegi Nazionalean zigortu nahi dutena. "Hemen ez daude berrogei terrorista, berrogei gazte independentista baizik", adierazi zuten.
"Agerikoa da torturarik ez balitz geure burua ez genukeela erruduntzat joko", esan dute: "Onartezina da torturak zigorgabetasun osoan jarraitzen duen bitartean hori gauzatzen duten poliziek zuzenbide estatuaren izenean deklaratzea auzitegi batean". Epaiketan egindako deklarazioez eta tortura salaketez gain, torturatu egin zituztela frogatzeko txostenak ere aurkeztu dituzte gazteek, Istanbulgo Protokoloa erabiliz.
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandatariak zehaztutako protokoloa da, torturatuak emandako testigantza eta ondorioak oinarritzat hartuta, salaketa egia den ala ez ondorioztatzeko balio duena, metodo zientifiko batzuen bidez. Abokatu, mediku eta psikologoek egiten dute, torturatu dituztenekin hainbat elkarrizketa eta proba eginez.
Lanean, "aro berriaren alde"
Beraien kasua ez ezik, torturak salatu dituzten milaka euskal herritarrena ere izan dute gogoan gutunean. Ez hori bakarrik, baita frankismoko krimenak eta torturak ikertzeko Argentinako Maria Servini de Cubria epaileak emandako pausoa ere. "Aztoratu egin dira Espainiako hedabideak horregatik", eta hala diote:"Gure testigantza ematen ari garen bitartean, ordea, beste aldera begira geratu dira gehienak. Berrogei urtez itxaron behar al dugu azken 30 urteetan torturatu gaituzten milaka euskal herritarron egia iker, azter eta zigor dadin?".
Hala egin zuten epaile aurrean deklaratu zutenean, eta gutunean ere ez dira salaketa hutsean geratu. "Estatuaren indarkeria gure larruazalean sufritu arren, gogor ari gara lanean gu ere Euskal Herrian ireki den aro berriaren alde, konponbidearen mesedetan, behar diren urrats guztiak eginez". Hala ere, salatu dute indarkeria batzuk "ezkutuan eta babestuta" mantentzen dituela Espainiako Estatuak, baina beste batzuen berri "zehatz-mehatz" ematen duela. Gaurtik aldatu nahi dute hori, eta torturaren aurkako nazioarteko arauak bete ditzala eskatu diote Espainiari.