Eusko Legebiltzarrak adierazpena onartu du gaur arratsaldean, Egunkaria auziko bost auzipetuak absolbitzeko eskatzen duena. Aralarrek eta PSE-EEk adostutako mozioa babestu dute alderdi horietako parlamentariek, eta EAJkoek eta EBkoak.
Aralarrek aurkeztu zuen jatorrizko mozioa, baina gaur goizean akordioa lortu du PSE-EErekin. Hartara, sozialistek ere bat egin dute absoluzio eskariarekin. Aralarreko legebiltzarkide Oxel Erostarbek salatu du "mina eginda" dagoela dagoeneko, "adierazpen askatasunerako eta informaziorako eskubideak urratu baitira". Eta galdera utzi du: "Nork konponduko ditu auzipetuek jasandako kaltea eta egunkari bat ixteak gizarteari eragindakoa?". PSE-EEk agiria babestu du, Aralarrekin hitzartuta. Jose Antonio Pastor bozeramaileak esan du "gehiegizkoa" izan zela euskarazko kazeta ixtea, eta bat egin du Fiskaltzaren absoluzio eskariarekin. Hala ere, onartu du "konponbide zaila" duela auzipetuei eragindako kalteak.
Eusko Alkartasunak ez du bozketan parte hartu. Jesus Mari Larrazabal kritiko azaldu da Aralarrek eta PSE-EEk adostutako agiriarekin. Larrazabalek deitoratu du onartutako adierazpenak ez dituela salatzen Egunkaria-ko auzipetuek ustez jasandako torturak.
PPk eta UPDk aurka bozkatu dute.
Auzipetuak absolbitzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Aralarrek eta PSE-EEk adostutako agiria babestu dute EAJk eta EBk ere. EAk ez du parte hartu bozketan, agiria gutxitxo irudituta. UPDk eta PPk aurka bozkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu