2010eko sanferminetako txupinazoan izandako istiluak direla-eta, hamahiru lagun hasiko dira gaur epaitzen Nafarroako Auzitegian. Ikurrina udaletxeko plazan sartzea galarazi zieten udaltzainek, eta liskarrak izan ziren. Bideoa: Ateak Ireki.
[Youtube]http://youtu.be/D_cZrrhwdXg[/Youtube]
Espainiako Ministerio Fiskalaren arabera, jaurtitako botila batek buruan eman zion gizonezko bati, eta larri zauritu zuten. Horregatik, auzipetuetako batentzat hiru urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Guztientzat, berriz, hamabost hilabeteko zigorra eskatu du, autoritatearen aurkako atentatua egin izana egotzita. Horrez gain, desordena publikoak eragitea leporatu die, eta bakoitzarentzat urtebeteko zigorra galdegin.
Fiskaltzaren esanetan botila jaurti zuen auzipetuak, ordea, ukatu egin du halakorik egin zuenik, eta esan du ez zuela liskarretan parte hartu.
Defentsako abokatuak absoluzioa eskatu du. Kritikatu zuten "2010eko txupinazoan ikurrina zabaldu eta babesteagatik" epaituko dituztela, eta salatu zuten udaltzainek jo eta hainbat lagun zauritu zituztela.
Gaur, asteazkenean, ostegunean, ostiralean eta datorren astelehenean izango da epaiketa, goizeko hamarretatik aurrera.