Gaur amaituko da Bateragune auziko epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jone Goirizelaiak ETArekiko loturarik egiteko daturik ez dagoela argudiatu du goizean. Argudiatu du Otegi espetxetik atera zenean Unai Ziarretak proposatu ziola indar subiranisten metaketa egitea, eta EA eta ELAko kideek baieztatu dutela indarkeria gaindituko zuen aro berri bat sortu behar zela azaldu ziotela.
Iñigo Iruin abokatuak hasi du goizean saioa, eta bere ondorioetan frogarik aurkeztu ez izana leporatu die akusazioei. 2002ko Auzitegi Gorenaren bi epai aipatuz adierazi du "susmoak bata bestearen atzean aurkezteak" ez dituela susmoak froga bihurtzen eta "susmo bat gehi susmo bat bi susmo" direla eta "ez froga bat".
Ekainaren 27an hasi zen epaiketa, eta egun hauetan abokatuek desegin egin dituzte Fiskaltzaren argudioak. Aipagarria izan zen zentzu horretan Iruinen eta polizia-peritu nagusiaren arteko aurrez aurrekoa, astelehenean. Euren tesiak hipotesiak besterik ez direla onartu zuen poliziak, eta auzipetuen jarduna ez zetorrela bat ETAren gidoiarekin.
Azken hitza auzipetuek izango dute
Gaur defentsen ondorioekin amaituko da epaiketa. Atzo Aiert Larraldek eta Arantxa Zuluetak azaldu zituzten eurenak, eta gaur Iruinen eta Goirizelaiaren ondoren, Kepa Landaren txanda izango da. Azkenik auzipetuek hartuko dute hitza, eta horrekin sententziaren zain geratuko da epaiketa.
Fiskalak atzo mantendu egin zuen Otegirentzat eta Diezentzako hamar urteko espetxe zigorra, Bateragune izeneko zuzendaritza batekoa zirelakoan ETAko kidetzat jo dituelako. Zabaletarentzat bederatzi urte eskatu zituen, eta Jacinto eta Rodriguezentzat, zortzi.