'Bateragune auzia'. Epaiketa

Auzipetuek abiatu zuten bidearen garrantzia goratu du Muñozek

Otegik estrategia aldaketa hasi, auzipetu batzuekin jarraitu eta ezker abertzaleak berretsi duela esan du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Madril
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ezker abertzalean estrategia aldaketa garbia hasi zuten Bateragune auzian epaitzen ari diren pertsonek, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan. Horietako batzuk behintzat berekin bildu zirela azaldu du Muñozek, haien ahotik entzun zuela zer-nolako aldaketa egiteko asmoa zuten eta erabat baikortzat dituela ezker abertzaleak egindako urratsak. Akusatuek abiatutako bidearen garrantziaz ohartarazi zuen ELAko buruak, defentsaren lekuko gisa aritu zenean.

2008an izan zuen Arnaldo Otegiren asmoen berri Muñozek, zuzenean. Sindikalistak azaldu zuenez, Otegi «sektore politiko bateko mintzakide» izan du ELAk urteetan, eta elkartasuna helarazteko joan zen ordezkaritza bat Martuteneko espetxera. Joxe Elorrieta ere berekin joan zen. Eta espero ez zuten emaitza jaso zuten bisitan. «Modu harrigarrian», hiru orduz Otegirekin aurrez aurre egoteko aukera izan zuten. Orduan helarazi zizkien Otegik bere hausnarketak.

Autodeterminazio eskubidea eskuratzeko aurrera begira «fase berrian» sartu behar zela esan zien Otegik: horren ezaugarriak oinarri zibil eta demokratiko soila behar zuela izan. Pozarren atera ziren ELAkoak bisita hartatik.

Kartzelatik atera ondoren ere behin baino gehiagotan bildu zen Muñoz Otegirekin, eta estrategia aldaketa behar hori defendatzen jarraitu zuela azaldu du. Bilera horietako batzuetan Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ere egon zirela esan du, eta horiek ere gogoeta bera egiten zutela: «Agerikoa da egin nahi zuten barne eztabaida hori egin zuela ezker abertzaleak eta estrategia aldaketa berretsi zuela».

«ELAk beti defendatu du burujabetzaren aldekoen batasuna, eta beti esan du hori ez zela bateragarria estrategia politiko-militarrarekin». Horregatik poztu zituen ezker abertzalearen bide berriak, eta horregatik sortu zitzaien kezka auzipetuak atxilotu zituztenean: «Atxiloketek arriskuan jarri zuten ondo amai zedin nahi genuen hausnarketa».

Bestalde, Alazne Manterola eta Gorka Berastegi LABeko kideek baieztatu zuten Mañel Serra lan bila joan zela behin baino gehiagotan Donostiako egoitzara. Jose Luis Rezabalek baieztatu zuen LABeko kide gisa Amaia Esnal Etxerat-eko ordezkariarekin bildu izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.