D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketan auziperatutako lagunek gaur goizean Bilbon egin duten agerraldian Espainiako Gobernuari eskatu diote "salbuespen legeak alboratzeko eta pertsona zein proiektu politiko ororentzako eskubide guztiak errespetatuak izango diren agertoki berriari ateak zabaltzeko".
Haien arabera, "epai bakarra guztion absoluzioa" da, eta zintzilik dauden epaiketa politiko guztiak bertan behera uzteko galdegin dute.
Atzoko auzi saioan Amparo Lasheras auzipetuak esandakoak hartu dituzte hizpide. Hala mintzatu zen: "Auzitegi Nazionalak epaituak izaten ari gara gure eskubide zibil eta politikoak, zehazki, parte-hartze politikorako eskubidea aldarrikatu, defendatu eta gauzatzeagatik. Proiektu politikoak debekatu eta galarazteko sorturiko legea, guztiz antidemokratikoa den Partiduen Legearen ondorioz epaitzen gaituzte".
Adierazpen horrekin bat egiten dute auzipetu guztiek, eta gainera, "salbuespen-legeei ezetz" eta "adierazpen askatasunari eta ideia guztien defentsari zein proiektu politiko guztien parte hartzeari baietz" esatearen alde agertu dira.
Atzo amaitu zen D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa. Fiskaltzak mantentzen du 9 lagunentzako erakunde terroristako kide izatearen akusazioa, beste bi lagunentzat kolaborazio akusazioa eta Aitor Liguerzana eta Fernando Antiari egotzitako akusazioa kendu egin du.