gaztEEN KONTRAKO EPAIA

Auzipetuen gurasoek gazteen aurkako jazarpena amaitzeko konpromisoa eskatu dute

Torturaren inguruan beste aldera begiratzea leporatu diete epaile, komunikabide, politikari eta auzi medikuei. Urratsak egitera deitu dute inkomunikazioa bertan behera uzteko eta torturari aurre egiteko.

Auzipeturiko gazteen senideek eskaini duten prentsaurrekoa. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko maiatzaren 20a
14:33
Entzun

Azken urteetan Nafarroan poliziaren jazarpena, tortura eta kartzela jasan duten hainbat gazteren gurasoek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. Tortura eta jazarpena amaitzeko konpromisoa hartu dezatela galdegin diete politikariei.

Gogora ekarri dute euren seme-alabak bost egunez inkomunikatuta eduki ostean tortura bidez lortutako autoinkulpazioak izan zirela oinarri azken epaiketako espetxe zigorrak ebazteko. “Lotsagabekeria galanta da Garzonek, Marlaskak, Murillok eta dagokion epaileak esatea atxilotuek beren borondatez erantzun zietela poliziei”, gaitzetsi du Josu Zabalak.

Azaldu du bost egun egin zituztela inkomunikatuta, “konfiantzazko inorekin” egoteko aukerarik gabe. “Bere borondatez deklaratzen badute, zergatik inkomunikatu, zergatik bahitu eta bakartu? Zergatik autoinkulpatzen dira ondo jakinik espetxean urteak ematea ekarriko diela?”. Azken helburua gazteria “kriminalizatzea" dela uste dute, eta Auzitegi Nazionaleko epaileak sistema bidegabe baten katebegia direla salatu dute gurasoek. Tortura salaketen inguruan “beste aldera begiratzea” leporatu diete.

Hala ere, euren kritika ez da epaileengana mugatu. Politikariei leporatu diete bidegabekeria horri estaldura ematen dioten legeak egitea; poliziei egotzi diete interesatzen zaizkien aitorpenak lortzeko edozein metodo erabiltzea, tortura barne; komunikabideei ohartarazi diete ez dutela errugabetasun printzipioa errespetatzen eta terrorista gisa aurkezten dituztela euren seme-alabak; azkenik, auzitegi medikuei leporatu diete entzundako testigantzen berri ez dutela ematen euren txostenetan.

Zigor kondenarik ez dutela onartzen azpimarratu dute, eta politikariei eskatu diete urrats bat egiteko, inkomunikazioa amaitzeko eta torturari aurre egiteko Estanbulgo protokoloa ezartzeko atxiloketak direnean. Iruñerriko hamar gazte epaitu berri dituzte Auzitegi Nazionalean, eta epaiaren zain daude. “Ez orain ez lehenago ez dugu epaiketa gehiago eta kondena gehiago onartzen”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.