Auzitara jotzeko lehenengo pausoa eman dute ahalmen urriko zazpi umeren sendiek

Ikasturtea hasi bada ere, behar bereziak dituzten 20-25 umeri ez diete laguntzailerik ezarri Ipar Euskal Herrian

Iragan maiatzean Handik kolektiboak manifestazioa egin zuen, baliabideak eskatzeko. BERRIA.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasirik baldin bada ere, oraino Ipar Euskal Herrikoahalmen urriko 20-25 bat haur dira laguntzailerik gabe, hots, kurtsoa segitu ezinean: zortzi pribatuan, hiru ikastolan eta 12-15 bat publikoan. Hori dela eta, eskolatzeko eskubidea ez zaienez emana, auzitegiari begira dira jada zazpi familia. Hau da, Ikuskaritzari gutun bat igorria diote ohartarazteko haien haurra laguntzailerik gabe dela. Ikuskariak bi hilabete dauzka eskaerari erantzuteko; epea bukatu eta ez baldin badute erantzunik, orduan auzitara jotzeko aukera lukete. Horren berri eman zuen atzo Handik kolektiboak, Baionan egin prentsaurreko batean.

Ez litzateke auzitara jotzeko erabakia hartzen duten lehen aldia, eta orain arte garaipenak ukan dituzte: «Nahiz eta txikiak izan, auzitegi emaitzen bidez Frantziako Gobernua mugitzera behartu dugu», dio Ladis Arrosagarai Handik kolektiboko kideak. Hala da: ordutik, debekatua zaio estatuari ahalmen urriko haurrak laguntzarik gabe uztea eta horientzat EVS motako kontratu prekarioen erabiltzea. «Auzi horiei esker bi gudu irabazi ditugu, baina ez dugu oraindik gerla irabazia», dio Arrosagaraik.

Ikusiz iaz garai bertsuan 50 bat haur zirela laguntzailerik gabe, ezkor dira: «Kuantitatiboki hobekuntza bat baldin bada ere, kualitatiboki egoera txartuz doa», adierazi du Patrice Lagisquet Chrysalide elkarteko kideak, eta zehaztu langileak egoera prekarioan izateaz gain haurrei eskaini laguntza ere geroz eta prekarioagoa dela.

Estatua desengaiatzen beti

Salatu dute baita ere estatua presio egiten ari zaiola notifikazioak emateaz arduratzen den departamendu mailako elbarrituen etxeari, laguntza eskuratu beharra duten haurren kopurua txikitzeko asmoz. Horrela, «beharrak artifizialki apalduz», eskaintzaren araberako eskaera agerrarazi nahi du estatuak. Logika hori bazterrera utziz behar guztiei erantzungo lukeen aurrekontu bat eta profesionalizazio nahikeria exijitzen diote Frantziako Estatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.