Arratsaldeko ordubietarako hitzordua zuen Baionako Auzitegian Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) lehendakariak, haren eta erakundearen beraren kontrako epaiketa hasteko, eta gaur ere sostengu handia jaso dute, mila lagun pasa bildu direlako auzitegi atarian. Haien artean, Jose Bove Frantziako presidentetzarako hautagai izandakoa eta laborantza arloko sindikalista. Aurreko asteetan zazpi mila herritarren atxikimendua jaso du EHLGk eta mila hautetsirena ere bai; Euskal Herriko 150 bat pertsona ezagunek ere azaldu izan dute elkartasuna.
EHLG legez kanpo gelditzeko arriskuan dago. Behin betiko edo aldi baterako (bost urte gehienez) legez kanporatzea eta Berhokoirigoin urte batez preso sartzea erabaki lezake Baionako auzitegiak, Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketari arrazoi emanez gero. 14:00etan hasi da auzia. Erabakia beste egun batez jakinen da, baina gaurko eguna mugarria izanen da Euskal Herriko Laborantza Ganberarako, baita Ipar Euskal Herrirako berezko erakundeak aldarrikatzen dituen mugimendu zabalerako ere.
Laborantza ganbera izena erabiltzea debekatua dela dio prefetak, izen hori erakunde publiko batena delako. Halaber, elkarte horren "izaera, helburuak eta antolaketa" ere legez kanpokoak direla dio, horiek ere erakunde publiko batenak direlako. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenak eta izaerak Pirinio Atlantikoetako ganberarekin "nahasmena" sortzen duelako, Paueko (Biarno, Frantzia) prefetak auzitan ezarri du Laborantza Ganbera.
Gauza bera dio Jean-Mixel Ansolabehere Paueko Laborantza Ganberako presidenteak ere. "Oraingoz gure aktibitateen arteko nahasketarik ez da gertatu", aitortu du Ansolabeherek. "Baina egoera horrek luzaz segitzen badu, nahasmena gertatuko da eta diru emaileek beren laguntzak bitan banatuko dituzte". Zatiketak laborantza "ahuldu" eginen duela dio.
Gutunak, auzapezei
Baina Laborantza Ganberaren izaeraren, helburuen eta antolaketaren gaineko kezka horiek ez dira ageri prefetak Ipar Euskal Herriko auzapezei bidali gutunean. Duela zenbait aste, auzapez guziei gutuna igorri zien, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aldeko petiziorik ez izenpetzeko eskatuz, eta auzia azalduz. Auzapezei igorri gutunean ez ditu aipatu hiru puntu horiek, "aitzinetik galdua duela badakielako", Berhokoirigoinen ustez.
Orain, prefetak dio ez dituztela "elkarte eskubidea eta laborantza iraunkorra jo nahi», beti gutun horretan. "Gure kezka bakarra izenak eragiten digu". Elkarteak beste izen bat ukan balu ez zutela arazorik sortuko zehaztu du prefetak, eta antzeko beste elkarte batzuek laborantza ganbera ofizialekin kolaboratzen dutela eta EHLGk ere hala egin lezakeela.
Izenaren auzian "prefeta makur dabil", Mixel Berhokoirigoinen idurikotz. Beste gutun bat igorri zien auzapezei, prefetaren argudioei puntuz puntu erantzuteko. "Elkartearen izena hor dago, Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeko aldarrikapena gogorarazteko. Posible da aldarrikapena batzuen gustukoa ez izatea, baina ez da arrazoi bat elkarte bat isilarazteko". Gisa guziz, erabil ez daitekeen hitza Chambre d'Agriculture da, frantsesezkoa. Are gehiago, elkartea suprefeturan aurkeztu zutenenean, 2005eko martxoaren 19ko Aldizkari Ofizialean elkartearen sortzea idatzia izan zela oroitarazi du Berhokoirigoinek. Hots, Frantziako Estatuaren administrazioak berak onartu zuen elkartearen sortzea.
Altabada, orduan ere presio anitz egin zuen orduko prefetak. Hautetsiei gutuna bidali zien EHLGren sortze ekitaldira ez joateko eskatuz; elkartea legez kanpokoa izanen zela abisatu zuen, orduan ere izenaren argudioa emanez. Horregatik, izena euskara hutsez aurkeztu zuten prefeturan. Eta, nahiz eta tentsio haren erdian izan, elkartea onartua izan zen.
Politika
Auzitegi atarian ere sostengu handia jaso du Laborantza Ganberak
EHLG legez kanpo uztea aztertuko dute gaur Baionan, Paueko prefetaren salaketari jarraikiz, baita Mixel Berhokoirigoin lehendakaria preso sartzea ere. Mila lagun pasa elkartu dira epaitegi aitzinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu