AUZITEGIAK

Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Itziar Alberdiri ezarritako 119 urteko zigorra

1991n hiru poliziaren hilketan parte hartzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak aurtengo apirilean.

2015eko azaroaren 13a
11:41
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Alberdiren helegitea, eta ebatzi du Auzitegi Nazionalak errugabetasun presuntzioa urratu zuela, iritzita ez zegoela nahikoa froga Alberdik erasoan parte hartu zuela ondorioztatzeko.

Zigorra ezartzeko Auzitegi Nazionalak aztertutako frogari erreparatu dio Auzitegi Gorenak: Alberdiren eskuizkribu bat, Justizia Ministeriora bidali zen pakete lehergailuaren enpresaren izenarekin. Idatzi horretan, Valladolideko bederatzi paketeria enpresaren helbideak agertzen ziren, paketeak Sevillara bidaltzeko aukerei buruzko oharrekin batera.

Erasoa, ordea, Madrilen izan zen. "Hiri zehatz bateko paketeria enpresen zerrenda bat edonork osa dezake, ETA erakundearekin lotutako testuinguru batean ere", ebatzi du Auzitegi Gorenak, eta ez du uste hori nahikoa froga denik hiru polizia hil zituen paketea Alberdik bidali zuela ondorioztatzeko.

Alberdi iheslari izan zen 22 urtez, eta iaz atxilotu zuten, Mexikon. Espainiara estraditatu zuten gero, eta aurten ezarri zion Auzitegi Nazionalak 119 urteko espetxe zigorra. Manuel Broseta katedraduna hiltzeaz ere epaitu zuten, eta errugabe zela ebatzi zuten epaitegiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.