Amnistiaren Aldeko Mugimenduan (AAM) aritzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak 21 laguni jarritako espetxe zigorra irailaren 23an berraztertu ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du epaia. Gaur jakinarazi du erabakia, Madrilen.
Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna "erakunde terroristak" direla ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak epaiketan, eta haietan aritzeagatik espetxe zigorra jarri zien 21 laguni -haietako hamabi espetxeratu zituzten-. Epaiarekin ados ez, eta helegitea jarri zuen defentsak.
Honen arabera, bi talde haiek "ez dira terroristak, baizik eta politikoak" eta, beraz, iraileko saioan ere zioen ez dagoela haiek zigortzeko arrazoirik. Dena dela, AAMk duela aste batzuk zioen Gorenak zigorra berretsi egingo zuela.
Aitor Jugo zen zigortuetako bat, baina Gorenak libre utzi zuen urriaren 6an, haren aurkako frogarik ez duela esanda.
Bederatzi lagun behin-behinean edo baldintzapean aske egon dira orain arte.
AAMren salaketa
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio bere "lana erabat publikoa" izan dela, dela eta izango dela, baina Espainiako Estatuak "errepresiorik basatiena bururaino eramateko bere tresna eta aparatu guztiak aktibatuak" dauzkala eta horregatik iritsi dela epai hori. "Ondorioz, errepresioaren aurkako lana zigortzea errepresio estrategiaren logikan baino ezin da ulertu. Estatuak gerra zikina erabiltzen jarraitu nahi duelako zigortzen du gerra zikinaren salaketa, torturatzen jarraitu nahi duelako atxilotzen du torturaren aurkako lana, Guantanamo erraldoia irekita mantendu nahi duelako espetxeratzen dute muturreko espetxe politikaren aurkako militantzia".
Orain arteko lana egiten jarraituko duela dio AAMk. "Uste dute epai honen ondoren herritar gutxiago joango direla presoak bisitatzera? Uste dute kaleetan argazki gutxiago izango direla? Uste dute herriz herriko mobilizazioak bertan behera geldituko direla? Uste dute torturaren salaketak ez direla Nazio Batuetara iritsiko? Uste dute iheslari politikoek ez dutela dauden tokian daudela babesa jasoko? Uste dute Jon Anzaren desagertzearekin ahaztuko direla herritarrak? Uste dute kolore guztietako polizien bortizkeria isilik pasako dela? Ez gaituzte isilduko, ez gaituzte geldituko, ez gaituzte garaituko".
politika
Auzitegi Gorenak berretsi egin du AAMri buruzko epaia
Auzitegi Nazionalak 21 lagun zigortu zituen, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna "erakunde terroristetan aritzeagatik". Gorenak aske utzi zuen urriaren hasieran Aitor Jugo. Bederatzi lagun behin-behinean edo baldintzapean aske egon dira orain arte. AAMk dio "errepresioaren aurka" lanean segituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu