Bilduri gaur gauerdira arte luzatu diote Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak zerrendak inpugnatu ondoren helegiteak aurkezteko epea. Ondorioz, Auzitegi Gorenak bihar hartuko du auziaren inguruko erabakia, eta ez gaur, hasiera batean espero zen moduan. Atzo Bilduk 124 orrialdeko txostena aurkeztu zuen, baina helegitea prestatzeko denbora gutxi izan zuela kexatu zen. Gorenak "defentsa eskubidea bermatzeko" luzatu dio epea. Koalizioari aurkezten uzten ez badiote Europara jo dezaketela ohartarazi du Peio Urizar Eusko Alkartasunako idazkariak, eta hauteskundeak baliorik gabe uzteko eskatuko dutela gaineratu du.
Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur Altsasun (Nafarroa) biharko Langileen Eguna dela eta. Maiorga Ramirezek salatu du ez dela demokratikoa PPk eta PSOEk egin duten moduan aurkari politikoa izango dena inpugnatzea negoziatzea: "Demokrazia herritarrek askatasunean nork gobernatzea nahi duten aukeratzea da". Gainera, demokrazian erakundeaz gain espazio gehiago badaudela aldarrikatu du, eta horregatik biolentoak ez diren herri ekimenak zilegi direla. Oscar Matutek gaineratu du langileen lan baldintzak aldatzen eta eskubideak urratzen ari diren horiek direla orain Bilduri aurkeztea debekatu nahi diotenak.
Joseba Egibar EAJko kideak gaur ukatu egin du EAJ Espainiako Gobernuari xantaia egiten ari dela. Herenegun Iñigo Urkulluk esan zuen Bilduri aurkezten uzten ez badiote horrek eragina izango duela 2012ko Espainiako aurrekontuen negoziazioan. Egibarrek esan du Espainiako Gobernuak hartzen dituen erabakien ondorioak onartu behar dituela. Aldi berean, Bildu biktimarena egiten ari dela adierazi du Egibarrek, eta hauteskunde kanpaina amaitzen den arte hori baliatuko dutela botoak erakartzeko.
Odon Elorza Donostiako alkatearen hitzetan, Estatuaren abokatua ez da oso "bizkor" aritu inpugnazioa eskatuta. "Ikuspuntu demokratiko batetik askateria da", esan du Elorzak. Haren iritziz, Bildu hauteskundeetan ez egoteak zaildu egingo luke bake prozesua. Elorzaren ustez, hala ere, Bilduren zerrendetan kutsadura gehiegizkoa da, baina horregatik, haren iritziz, ez lirateke zerrendak bertan behera utzi behar.