Zubietako errauste planta egin daiteke hirigunetik bi kilometroko distantziara. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2009ko azaroaren 30ean emandako epaiari Zubietako herri batzarrak, eta hainbat partikularrek eta gizarte erakundek jarritako kasazio helegiteari erantzunez.
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialdeko sei mankomunitatek 2007ko martxoan sinatutako akordioen aurka hainbat eragilek abiatu zuten prozesu juridikoa amaitu egin da, beraz, Auzitegi Gorenaren epaiarekin. Akordio haietan, besteak beste, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa eratzea onartu zuten mankomunitateek, diputazioak eta Donostiako Udalak. San Markoko zabortegia ixtearen truke, Donostiako Udalak errauste planta bere lurretan hartzeko konpromisoa hartu zuen. Beste mankomunitateek, berriz, oniritzia eman zioten euren zabortegietan San Marko mankomunitateko zaborrak hartzeari, errauste planta eraiki bitartean.
Auzitegi Gorenak arrazoia eman die akordioak sinatu zituzten erakundeei, eta ebatzi du jarduera gogaikarri, arriskutsu eta kaltegarriei buruzko 1961eko Espainiako legea 2007tik ez dagoela indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Izan ere, urte hartan atmosfera eta airearen kalitatea babesteko 2007/34 legea indarrean jarri zen, eta lege hark baliorik gabe utzi zuen 1961eko beste lege hura. Auzitegiak ez ditu erantzun helegitea jarri zutenen argudioak, eta errauste plantaren aldekoek helegiteari erantzuteko emandakoak bere egin ditu. Prozesutik gertuko iturriek BERRIAri jakinarazi diote hori «konstituzioaren aurkakoa» dela, eta Auzitegi Konstituzionalera jotzeko modua eman dezakeela, babes helegitea jarrita.
Espainiako Auzitegi Goreneko 4. salak sinatu du epaia, otsailaren 21ean egindako bozketan oinarrituta. Sala horrek emandako epaia ez dator bat, esate baterako, Auzitegi Gorenak beste zenbait kasutan eman dituen epaiekin. Esate baterako, Aratzuriko biometanizazio planta (Nafarroa) legez kontrakotzat jo zuen 2007ko abuztuan jakinarazitako epai batean, azpiegitura hura hirigunetik bi kilometro baino gertuago zegoelako.
Berriki, antzeko argudioa eman du auzitegi berak Castejongo zentral termiko (Nafarroa) baten proiektua baliogabetzeko. 2011ko azaroan emandako epai batean, legez kontrakotzat jo zuen Hidrocantabricoren bigarren zentral termikoaren proiektua, Castejondik bi kilometro baino gutxiagora dagoelako. Bi epai horiek, ordea, Auzitegi Goreneko3. eta 5. aretoek sinatu zituzten,eta errauste plantari buruzko hau 4. aretoak sinatu du.
Bide juridiko luzea
Zubietako errauste plantaren inguruan alde bateko eta besteko epaiak izan dira. Aurten bertan Auzitegi Gorenak berak baliogabetu du Txingudiko Mankomunitatea Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan sartzeko erabakia. Horrela, baliogabetu egin ditu hura kide gisa hartu zutenetik partzuergoak hartutako erabaki guztiak, besteak beste, errauste planta proiektua onartzea.
Auzitegi Gorenak dio errauste planta hiritik bi kilometrora egin daitekeela
Castejongo eta Aratzuriko auzietan justu kontrako erabakia hartu zuen auzitegi horrek berak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu