Auzitegi Gorenak ebatzi du Megapark saltoki guneak ez duela betetzen Kosta Legea

Barakaldoko Udalak hiri lurzoru izendatu zuen eremua; epaitegiak uste du ez zituela bete horretarako baldintzak

Megapark merkataritza gunea, Barakaldon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Barakaldoko Megapark merkataritza gunea (Bizkaia) ez zen eraiki hiri lurzoru batean eta ez du betetzen Kosta Legea, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki duenez. 2007an, Auzitegi Nazionalak ontzat jo zuen 2004an Espainiako Ingurumen Ministerioko Kostako zuzendariak inguruko ibaialdeen babesaz emandako agindu bat. Herritar batek jarritako helegitea onartu egin du orain Auzitegi Gorenak, eta adierazi du orduko ministerio aginduak ez zuela betetzen legea.

Agirtza eta Galindo ibaiak babesteko tartea hogei metroan ezarri zuen Ingurumen Ministerioak, 2004ko ekainaren 15ean emandako aginduan. Auzitegi Gorenak, ordea, adierazi du ehun metroko tartea utzi behar dela eraiki gabe ibaia babesteko. Horrek esan nahi du merkataritza gune ia osoa eraiki zutela behar ez zen lekuan.

Lur horien izendapenean datza eztabaida. Hiri lurzoru izendatu zituen Barakaldoko Udalak 1988an Kosta Legea indarrean sartu baino lehen. Izendapen horrekin, lur horien gainean eraikitzeko baimena zuen udalak, baina, Auzitegi Gorenak zehaztu duenez, lur horiek ez zituzten betetzen hiri lurzoru izateko baldintzak Kosta Legea indarrean jarri zenean. Hortaz, 1988rako izendapena bai, baina beharrezko baldintzak ez zituen betetzen guneak. Lurraren orduko egoerari egin dio kasu Auzitegi Gorenak. Kosta Legeak dio hiri lurzoru izan gabe ezin dela ehun metro baino gertuago eraiki, ezta, beraz, soilik hogei metro baino gertuago ere. Barakaldo eta Trapagaran arteko errepideko zubitik A-8 autobideko zubira arteko tartea da ibaiak babesteko eraiki gabe utzi behar zen gunea.

Nolanahi ere, Auzitegi Gorenak erantsi du epaiak ez diola tarte bati eragiten, Auzitegi Nazionalaren 2007ko ebazpen batek baimena eman ziolako udalari lur eremu horretan eraikitzeko eta gauza bera ezin delako birritan epaitu.

Bestalde, Auzitegi Gorenak ez du argitu epaiak zein ondorio izango duen. Ez du zehaztu udalak isunik ordaindu beharko duen, ezta zenbatekorik ere, baina, Kosta Legearen 97. artikuluak ezartzen duenaren arabera, 300.000 eurotik gorako isuna izan dezake Barakaldoko Udalak.

Lamiako, auzitan

Gainera, Auzitegi Gorenak jurisprudentzia sor dezake, eta beste egitasmo batzuei eragin. Hain zuzen, araztegi bat erakitzekotan dira Leioako Lamiako auzoan (Bizkaia), eta handik igarotzen da Galindo ibaia. Ingurumen iraunkortasunerako txostenak oniritzia eman zion egitasmoari iazko abuztuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.