Joseba Egibar EAJko buruzagiaren arabera, PPko ordezkarien eta PSOE-EEko zenbait ordezkarien asmoa Eusko Legebiltzarrean eszenatoki politiko berri bat sortzea da, "Ganbera honek har ditzaken erabaki guztiak baliogabetzeko". Egoera horren ondorioz "estatua krisian" dagoela dio Egibarrek, legalitatearen eta legitimitatearen arteko gatazka sortzen ari delako. "Ez da nolanahiko legalitate bat gainera, gehiengo osoarekin dagoen alderdiak kontrolatzen duena baizik, eta kontrakoa badiote ere, krisi sakon batean murgilduta daude", azpimarratu du.
Eusko Legebiltzarraren eta Auzitegi Gorenaren artean sortu den polemikaz ere mintzatu da Egibar. "Hiru alderdi desegiteaz hitz egiten ari dira, ebazpen judizialak erabiliz, baina arazoa sakonekoa denez, itxuraldatu egiten da errealitatea", azaldu du. Haren ustez, ez Alderdien Legeak ezta desegite autoak ere ez dute talde parlamentarioen desegiteaz hitz egiten, biek errealitate juridiko ezberdinak dituztelako. "Ez da loturarik ebazpenen eta autoen artean, eta Auzitegi Gorena afera honetan sartu duenak, afera honetatik ateratzen lagundu beharko dio orain", gaineratu du Egibarrek.
Eztabaida politikorako aukera
Egibarrek adierazi duenez, Hirukoak ez du gehiengo osorik Eusko Legebiltzarrean –36 parlamentario dituzte–, baina kopuru horrek Ibarretxe Plana abian jartzeko nahiko babes ematen dio. "Ibarretxe Plana eztabaida politiko eta demokratikorako aukera eskaintzen duen aukera bakarra da, eta gizarteari kontsulta egitea aurreikusten du", esan du EAJko buruzagiak, eta PPk, PSOE-EEketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sozialista Abertzaleek euren proposamenak mahai gainean jartzeko aukera dutela gaineratu du.
Giro politiko nahasia bizi da gaur egun Euskal Herrian Egibarrentzat. Iragan astean Jaime Mayor Orejak EAJ alderdi "ez demokratikoa" dela esan zuen, eta Egibarren arabera, "giro politiko eta mediatikoa gaiztotzeko egin zituen adierazpen horiek Mayor Orejak, ondo gizarteratu gabeko frankista bat baita".
Halaber, atzo EAJren eta AuBren artean bilera egin zela baieztatu du Egibarrek, eta maiatzaren 25eko hauteskunde ondorena hizpide izan zutela esan du. "Ni ez nintzen bilera horretan egon, baina esan didatenez, egoera aztertu eta sakontzekotan gelditu dira, ahalik eta formula egokienarekin irtenbide egoki bat bilatzeko", adierazi du. Herriz herriko egoerak aztertzen ari direla azpimarratu du, baina hemen ere legalitateak eta legitimitateak elkar jotzen dutela adierazi.
Euskal Herriko gatazka
Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarra "deslegitimatu" nahi duela salatu du Joseba Egibarrek
EAJren Euskadi Buru Batzarreko bozeramaile Joseba Egibarrek adierazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren artean sortu diren gatazkak ez dira koiunturalak izaten ari. "Nahi politiko argi bat dago hor, Eusko Legebiltzarra deslegitimatzea", azpimarratu du Egibarrrek Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu