Euskara

Auzitegi Gorenaren epaia «errespetatuko» du Lasarte-Oriako Udalak, baina ez dago ados arrazoiekin

Euskara diru laguntzetarako irizpide izatea ezetsi zuen Auzitegi Gorenak, eta Lasarte-Oriako Udalak horrekin lotutako adierazpen instituzionala plazaratu du gaur.

Euskararen 9. Maratoia Lasarte-Orian, 2016an. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 13a
18:00
Entzun

2017. urtean Lasarte-Oriako Udalak (Gipuzkoa) elkarteei diru laguntzak emateko baldintza gisa jarri zuen hamasei urtetik beherakoentzako jarduerak euskaraz izatea. Ekainean, irizpide hori bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, Udalak gaur adierazi duenez, «errespetatuko du Auzitegi Gorenak emandako epaia, baina ez dago ados hark emandako arrazoiekin».

Lasarte-Oriako Udalaren arabera, sententziak ez ditu «aintzakotzat hartzen udalek hizkuntza politiken alorrean dituzten eskuduntzak», eta, gainera, «hizkuntza berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du».

Udalak adierazi duenez, bere helburuetako bat da «belaunaldi berriak ahalik eta elebidunenak» izatea, eta, hori lortzeko, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzeko «ahalegin handia» egin du. Horregatik, Udalak «bere helburua eta hizkuntza politika mantenduko du», bi bide prestatuz. Batetik, sustapen neurriak hartuko ditu: «Aurreko 30 urteetan bezala, neurri sustatzaileak hartuko ditu eskola orduez kanpoko jarduera horietan euskara gero eta gehiago erabil dadin».

Bestetik, lege neurriak hartuko ditu: «Auzitegi Gorenaren epaiak Udalaren ordenantzan ezarritako baldintza indargabetzen badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari da horren ordezko formularik zuzenena zein izango den zehazten».

Lasarte-Oriako Udalak adierazi du «aipatutako ordenantzan jasotako baldintzak ez duela zerikusirik herritarrak diskriminatzearekin». Horrez gain, gehitu du Udalaren helburua dela «inor ez diskriminatzea», eta adierazi du horretarako lagungarria dela «bi hizkuntzak irakaskuntza sistemaren bidez bereganatzea eta ikastetxetik kanpo ahalik eta euskarazko jarduerarik gehiena izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.