Torturak

Auzitegi Gorenaren epaiak torturari ateak "parez pare" irekitzen dizkiola salatu du Torturaren Aurkako Taldeak

Sarasola eta Porturen torturen inguruko auzian, akusazio partikularreko abokatuari bereziki larria iruditu zaio Gorenak ontzat jotzea atxilotuek automatikoki salaketa faltsuak egiten dituzten polizien bertsioa. Konstituzionalean babes helegitea aurkeztuko du abokatuak.

joxerra senar
2011ko azaroaren 17a
14:53
Entzun

Auzitegi Gorenak asteon Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Igor Portu eta Martin Sarasola torturatzeagatik lau guardia zibilen aurkako epaia baliogabetu du. Torturaren Aurkako Taldearen arabera, epai horrek torturari eta inpunitateari ateak “parez pare” irekitzen dizkio. Gorenaren epaiak jarrera arduragabea erakusten duela iritzi dio Lorea Bilbao TATeko eledunak.

Amaia Izko akusazio partikularreko abokatuak Iruñean egindako prentsaurrekoan epaiaren irakurketa juridikoa egin du. Lehenik eta behin, deigarria egin zaio Auzitegi Gorenak salaketa aurkeztu zutenak —Portu eta Sarasola, alegia— ETAko kide izateagatik 2.000 urteko zigorra jaso dutela gogoraraztea eta horregatik euren testigantza zalantzan egon litekeela azpimarratzea. "Bakarrik falta zaio esatea torturak izatea onargarria izan litekeela", kritikatu du Izkok. Bere arabera, premisa horrek epai osoa hartzen du.

Izkoren arabera, bestetik, Auzitegi Gorena "erabat debekatua duen eremua baloratzera sartzen da" eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak egindako frogak aztertzeari ekiten dio, lau guardia zibilei ezarritako zigorra baliogabetzeko. Gainera, bere ikuspuntutik, Auzitegi Gorenak bere egin du segurtasun indarren hipotesia: hala, Gorenak ondorioztatzen du torturen salaketa faltsuak egiteak ETAren estrategia, politiko militar eta prozesalari erantzuten diola. Izkoren arabera, argudio hori bereziki arriskutsua da faltsutzat jo ditzakeelako tortura salaketa oro. Horren aurrean, akusazio partikularrak baliogabetasun errekurtsoa aurkeztuko du, eta 30 egunen buruan, babes helegitea Auzitegi Konstituzionalean. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegira joateko prest da.

Gaurko agerraldian, Mattin Sarasola eta Igor Porturen senideak egon dira eta Lorea Bilbao eta Aiert Larrarte TATeko kideak. TATek iragarri du estatuko ordezkariek torturaren aitortza publiko bat egin arte eta torturatuak birgaitu arte lanean jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.