Espainiako gobernuburu Mariano Raxoik eta PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak akordioa lotu dute Auzitegi Konstituzionalean behin-behineko egoeran diren hiru epaileak berritzeko eta 2008an epaile baten heriotzatik ordezkorik izendatu gabe dagoena izendatzeko. Espainiako Legebiltzarreko PPko eta PSOEko buruek negoziatu beharko dute lau epaile berriak zeintzuk izango diren. Izendapenak aurrera ateratzeko hiru bosteneko gehiengoa behar da, eta derrigor bi alderdi nagusien arteko akordioa behar da horretarako.
Historikoki, Kongresuari dagozkion izendapenetan, PSOEk eta PPk aukeratutako bina hautagaiak irten dira. Horrek Konstituzionalean orain arte dagoen «progresisten» (7 epaile) eta «kontserbadoreen» (5) arteko orekari eutsiko lioke. Dena den, Kongresuko PPko hainbat diputatuk egindako adierazpenen arabera, litekeena da popularrek hiru hautagai proposatzea, eta sozialistei bakar bat uztea.
Konstituzionalak zenbait «gai politiko sakon» ditu mahai gainean, eta horiek ebazteko orduan PPk bere kordako epaileak nagusi izatea nahi du. Gai horietako bat da Sortu alderdiarena, asteon Konstituzionaleko epaileek ebazteko gaien artean zeukatena, baina atzeratu zutena. Elisa Perez epaileak landutako txostenak Sorturen helegiteari babesa ematea proposatzen du. Epaileek txostena irakurtzeko astia izan dute, baina ez diote gaiari heldu. Zenbait iturrik aipatu zuten sektore «kontserbadorean» haserrea eragin zuela txostenak. Lau epaile kontra leudeke, sei epaile («progresistak» denak) alde, eta batek(«progresista» bat) ez zuen iritzirik plazaratu. Hain zuzen ere Bildu legeztatu zutenean bezala leudeke orain ere epaileak. Ekainaren 5etik 7ra bilduko dira hurrena. Orduan Sorturen helegitea ebatziko ez balute, gaia ziurrenik Konstituzional berrituak hartuko luke.
Sorturen auzian protagonista
Aspaldi ez da hitz egin PSOEren eta PPren epaile hautagaiei buruz. Iazko udaberrian, gaia desblokeatzeko saioa egin eta hitz egiten hasi zirenean hiru hautagai jarri ziren mahai gainean. PSOEk artean Estatuko fiskalburu Candido Conde Pumpido eta Auzitegi Goreneko epaile Juan Antonio Xiol Rios proposatu zituen; PPk Auzitegi Nazionaleko Enrique Lopez, eta izenik eman zuen baina Mariano Raxoiren «gertukoa» zen beste bat.
Sozialisten hautagaiak horiek balira eta aukeratuko balituzte, eta ordurako Sorturen auziak ebatzi gabe jarraituko balu, auzian iaz protagonista izandako bik parte hartuko lukete berriro orain. Conde Pumpidok eraman zuen auzia Auzitegi Gorenera, eta Xiol Rios auzia epaitu zuen epaileetako bat izan zen, epaiaren aurkako boto partikularra idatzi zuen eta harekin bat egin zuten beste sei epailek.
Ezker abertzalea, haserre
Testuinguru horretan, ezker abertzaleak larritzat jo zuen atzo, Auzitegi Konstituzionalak asteon Sorturen helegitea ez ebatzi izana. «Salbuespen neurri eta politiken aldamio guztia zutik mantentzeko Alderdi Popularraren gobernuak duen borondatearen ikuspegitik soilik uler daiteke atzeramendu berri hau», adierazi zuen ezker abertzaleak prentsa ohar baten bidez.
Auzitegi Konstituzionala berritzea adostu dute Raxoik eta Rubalcabak
Esan dute hilabete baten buruan ordezkatuko dituztela behin-behineko egoeran diren epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu