Auzitegi Konstituzionala etzi hasiko da aztertzen Sorturen babes helegitea

Alderdiak argudiatu du elkartzeko eskubidea urratu zela eta, zehazki, alderdi politiko bat sortzeko eskubidea

Sorturen sustatzaileak Espainiako Barne Ministerioraren atarian, iazko otsailean, estatutuak eramatera joan zirenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionala asteartean hasiko da aztertzen Sortu alderdiak ezarritako babes helegitea, Konstituzionaleko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez. Elisa Perez Vera epaileari egokitu zitzaion ezker abertzaleak iazko otsailean aurkeztutako alderdi berriaren gaineko epaiaren txostena egitea, eta, El País Espainiako egunkariak atzo iragarri zuenez, txostenak Sortu legeztatzearen alde egingo du.

Iñigo Iruin abokatuak Konstituzionalean babes helegitea aurkeztu eta urtebetera ekingo dio erakunde horrek ebazteari ea Auzitegi Gorenaren epaiak —Sortu alderdien erregistroan sartzea eragotzi zuenak—Espainiako Konstituzioa urratu zuen eta ea, beraz, legezkoa behar duen izan edo Gorenaren epaia Konstituzioaren araberakoa izan zen.

Iñigo Iruinek 176 orritan argudiatu zuen zergatik urratu den Sorturen kasuan elkartzeko eskubidea (Konstituzioaren 22. artikulua) eta, zehazki, alderdi politiko bat sortzeko eskubidea (6. artikulua). Babes helegiteak dio, Auzitegi Gorenak «behar ez bezala murriztu» zuela «oinarrizko eskubide bat» eta epaileek egindako frogaren balorazioak eta araudiaren eta jurisprudentziaren erabilerak ez zutela behar bezala babestu alderdi politikoak sortzeko eskubide konstituzionala.

Era berean, kontuan hartuta Sortu alderdiak ez duela jardun, babes helegitearen arabera, Auzitegi Gorenak alderdien erregistroan izena ematea eragotzi izanak «berekin ekarri du estatu konstituzionala bera arriskuan jartzen duen 'badaezpadako legez kanporatze bat'».

Ezker abertzalearen alderdi berriak argudiatu zuen hutsegite garrantzitsuak egin zirela Sortu Batasunaren jarraipentzat jota: batetik, balizko iruzurra baloratzeko orduan Auzitegi Gorenak ez zuelako kontuan izan Alderdien Legeak ezartzen dituen zantzuak; bestetik, ez zituztelako aztertu alderdiaren estatutuak, ezta sustatzaileen ekintzak eta jarrerak edota ezker abertzaleko kideen hainbat jarrera ere; azkenik, indarkeriaren arbuioaren kontrazantzua eta haren izaera sendoa ere ez zituelako kontuan hartu.

Gogoan hartu behar da Auzitegi Gorenean zatiketa handia egon zela Sorturen epaian: bederatzi magistratuk bozkatu zuten epaiaren alde, eta zazpik kontra. Zazpi horiek boto partikular bateratua aurkeztu zuten, Juan Antonio Xiol epaileak idatzia, eta horrek pisu handia izan dezake Konstituzionalaren erabakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.