Bateragune auziko zigortuek aurkeztu zuten babes helegitearekin egin zuen bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Rafa Diezek aurkeztutako helegitea ere.
Diezek gaixo zuen ama zaintzeko espetxetik kanpo denboraldi bat egin zuen, eta zigorraren zati txikiagoa bete du. Hori dela eta, beranduago kaleratu dute berari dagokion epaia. Helegiteen argudioak berberak izan dira, eta, beraz, ez zen baztertzen erabakia berbera izatea.
Sei urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko kargugabetzea ezarri diote Diezi. 2010eko apirilaren 26an baldintzapean aske utzi zuten, "egoera pertsonal-familiarrengatik". 2011ko irailaren 19an, epaiaren ostean, berriro kartzelatu egin zuten. Beste laurek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin ditu espetxean.