Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Bilbaok, Knorrek eta Atutxak aginte judiziala desobeditu zutela, argudiatuta Batasuna legez kanporatu ondoren Sozialista Abertzaleak legebiltzarreko taldea ez zutela desegin. Hemezortzi hilean kargu publikorik izatea debekatu zion auzitegiak Atutxari, eta 18.000 euroko isuna ezarri zion. Bilbaori eta Knorri, berriz, urtebeteko gaitasungabetzea eta 12.000 euroko isuna ezarri zien.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak absoluzioa eman zuen hirurentzat 2006ko abenduan, baina erabaki horren kontra helegitea aurkeztu zuen Manos Limpias elkarteak.
Gorenaren erabakiaren aurka mahaiko kideek aurkeztutako helegitea gaurko osoko bilkurako gaien zerrendan du Auzitegi Konstituzionalak. Auzitegiko iturriek Europa Press agentziari adierazi diotenez, baliteke gaur auziaren muinean ez sartzea eta soilik aztertzea ea mahaiko kideen eskubideak urratu diren.
'Botin doktrina'
Fiskalak eta mahaikideen abokatuak Botin doktrina ezartzeko eskatu zioten fiskalak eta mahaikideen abokatuak Auzitegi Gorenari; auzi bat soilik herri akusazioaren eskariaren bidez abiatzea galaraziko luke horrek. Auzitegiak, ordea, ez zuen eskaera aintzat hartu.
Auzitegi Gorenak 2007ko abenduan ezarri zuen Botin doktrina. Auzitegi Nazionalak uko egin zion Santander banketxeko presidente Emilio Botinen aurkako epaiketa bat herri akusazioaren eskariz soilik abiatzeari, eta erabaki hori berretsi zuen Gorenak.