Segiko kide izatea leporatuta Auzitegi Nazionalak auzipetu zituen zazpi gazteren kontrako atxiloketa eta espetxeratzea legez kontrakoa izan zen. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Irailaren 17an sinatutako ebazpenean jaso duenez, Auzitegi Nazionalak ez zuen bete legeak aurreikusten duen prozedura judiziala, eta zazpi gazteren askatasunerako oinarrizko eskubidea urratu zuen.
Konstituzionalak baliogabe utzi ditu Aiala Zaldibar, Igarki Robles, Marina Sagastizabal, Xabat Moran, Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebanen atxiloketa eta espetxeratze aginduak. Zazpiak Segiko kide izateagatik zigortu zituen Auzitegi Nazionalak, auzi berean akusatuta zeuden gainontzeko 21 gazteak ez bezala. Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri zien. Defentsak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta hark ebatzi artean zazpi gazteak atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu zuen Auzitegi Nazionaleko Aretoak.
Zazpi gazteen defentsak erabakiaren kontrako argudioak aurkezteko saioa egiteko eskatu zuen, legeak jasotzen duen modura. Haren iritziz, ez zegoen gazteen atxilotzea eta kartzelatzea agintzeko nahikoa arrazoirik, epaia ez zelako irmoa, gazteak zigortzeko argudioak "ahulak" zirelako eta ez zutelako ihes egiteko arriskurik.
Auzitegi Nazionaleko Laugarren Atalak, baina, ez zuen horretarako aukerarik eman, eta, legezko bermeak bete gabe, gazteak atxilotu eta espetxeratzea erabaki zuen. Angela Murillo epailea zen orduan Laugarren Ataleko buru.
"Agian, gazteak atxilotzeko nahiko argudiorik ez zela jakitun zegoelako erabaki zuen epaileak defentsarako aukera ukatzea", adierazi du gazteen abokatu taldeak, ohar bidez. "Ez zuten inolako oinarri juridikorik". Abokatuen esanetan, herri harresi erara antolatzen ari ziren elkartasun adierazpenak eragotzi nahi zituzten.
Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban Ertzaintzak atxilotu zituen, Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2015eko maiatzean Gasteizen antolatu zen herri harresian, bertan zirenei bortizki oldartuta.
2016an, Auzitegi Gorenak nabarmen murriztu zuen Auzitegi Nazionalak zazpi gazteei ezarri zien zigorra, defentsaren helegitea aintzat hartuta. Zazpi gazteetako bost absolbitu egin zituen, eta beste biak —Ainhoa Villaverde eta Ibon Esteban— bi urteko espetxealdira zigortu zituen. Beraz, ez zuten kartzelara sartzeko moduko zigorrik jaso.
Gazteen abokatu taldeak azaldu duenez, aztertzen ari dira Espainiako Estatuari ordaina eskatzea, "Auzitegi Nazionalaren jarduera irregularraren ondorioz jasandako kalte larriengatik".
Dena den, nabarmendu dute kaltea konponezina dela, zazpi gazteek ia urtebete egin baitzuten espetxean —epaiketaren aurretik beste urte eta erdi egon ziren espetxeratuta—, horretarako inolako beharrik gabe, "auzitegiak, gaur egun egiten duen bezala, legea eta haren interpretazioa bihurritu zituelako unean uneko irizpide politikoek ezartzen dituzten interesen mesedetan".