Ia bi urte pasatu dira igeldotarrek Donostiatik bereiztea bozkatu zutenetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak Martin Garitano (Bildu) buru zela antolatu zuen galdeketa. Emaitza baiezkoa izan zen, Igeldo Gipuzkoako 89. udalerri izatearen aldekoa: %72 herritarrek parte hartu zuten, eta %61k bozkatu zuten udalerri izatearen alde; %36k, berriz, aurka. Donostiako Udaleko oposizioko taldeek eta Espainiako Estatuaren abokatuak, ordea, helegitea jarri zuten aldundiak horretarako eskumenik ez zuela argudiatuta, eta Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen aldundiaren desanexio dekretua. Orain, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die galdeketa babesten zutenei, eta legezkoa izan zela ebatzi du.
Espainiako Estatuaren abokatuaren helegitea atzera bota du auzitegiak. Argudiatu du foru eskuduntza bati buruzko galdeketa zela. Izan ere, udalerriak izendatzea foru aldundiaren eskuduntza da. Estatuaren Abokatuak zioen erreferendum bat zela aldundiarena, eta horretarako eskumenik ez duela. Auzitegiak, ordea, argudiatu du 16 urtetik gorakoek bozkatu ahal izan zutela, eta, errolda beste bat izan zenez, horrek ere frogatzen duela ez zela izan erreferenduma.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu bidez onartu zuen desanexioa, baina ez zen gauzatu, Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek (EAJ, PSE eta PP) helegitea jarri eta epaitegiek gibelera bota baitzuten aldundiaren erabakia. Juan Karlos Izagirre Donostiako orduko alkatea desanexioaren alde agertu zen. "Donostiako Udaleko oposizioko taldeak [PSE-EE, EAJ eta PP] botere borroka partikularrerako baliatu du Igeldoren afera, eta argi utzi du ez dutela kontuan hartzen igeldotarrek adierazitako ahotsa", salatu zuen Itxas Aurrek. Aldundiaren dekretruaren aurka jotzeko argudio juridikorik ez zegoela azaldu zuen.
Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen galdeketa 2014ko otsailean, eta apirilean atzera bota zituen Donostiako Udalak eta Itxas Aurre elkarteak erabaki horren kontra aurkeztu zituzten helegiteak.
Orain, aldundiak galdeketa egiteko eskumena zuela argituta, ikusteko dago auziak zer bide hartzen duen. Izan ere, EH Bildu zegoen gobernuan galdeketa onartu zuenean, eta orain EAJ eta PSE daude, orduan galdeketa egin zen moduan egitearen kontra azaldu ziren bi alderdi. Itxas Aurre elkarteak EAJren jarrera kritikatu zuen, Usansolon jarrera bat eta Igeldon beste bat zuela aurpegiratuz. Donostian Izagirreren dimisioa eskatzera iritsi zen EAJ 2013an.
EAJk orduan defendatzen zuen aldundiak dekretua kentzea, eta horren ondotik erabakitze prozesua zabaltzea, Donostiako Udalak bultzatuta. Iñigo Urkullu lehendakariak berak kritikatu zuen prozesua "negoziaziorako tarterik eman gabe" egin izana. "Udalaren eskutik egiten den neurrian, igeldotarrek erabaki dezatela gero. Guk hori behin ere ez dugu ukatu", esan zuen Joseba Egibar GBBko presidenteak. Alderdi jeltzalean Usansoloren auziarekiko jarrera aldaketa bat izan zen gero, baina, eta horrek herri izan nahi duten auzoen itxaropena berpiztu zuen.
Gipuzkoako Aldundia, gaur egun EAJ eta PSEren eskuetan, pozik agertu da emaitzarekin: esan du epaiak babestu egiten duela aldundiak galdeketak egiteko duen eskumena. Espainiako Gobernuaren baimenik behar izan gabe aldundiak galdeketak antola ditzakeela azpimarratu du Imanol Lasa Gobernu eta Komunikazio diputatuak, eta nabarmendu du EAJren aurreko agintaldian (207-2011) onartu zutela galdeketak egiteko araua.
Xabier Olano EH Bilduko batzarkideak ohar batean salatu du EAJk eta PSEk "balioa kendu nahi izan" ziotela galdeketari, eta "alarmak" piztu zituztela gaineratu du. Markel Olano buru duen foru gobernuari eskatu dio igeldotarrek 2013ko azaroan hartutako erabakia errespetatzeko eta desanexioa gauzatzeko EH Bilduren Foru Gobernuak abiatutako bidea jarrai dezan: "Lehen aitzakiarik ez bazegoen ere, orain are gutxiago”.