Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak Askapeneko bost kideren aurkako auzibidea abiarazi du taldea ETAren zuzendaritzapean dagoela argudiatuz. Ruz epaileak kaleratu duen autoan dio Askapena ETAren eta Batasunaren zuzendaritzapean zegoen Nazioarteko Lan Taldearen parte zela eta bere egitekoa ETArentzako nazioarteko babesa lortzea zela.
Prozesatutako Askapeneko kideak Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto eta Aritz Ganboa dira. Guztiak 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, Itsaso Lekuona eta Ruben Sanchezekin batera. Irailaren 30ean kartzelaratu egin zituzten gaur prozesatutako bostak eta beste biak bermeak ordainduta aske geratu ziren. Hurrengo hilabeteetan gainontzekoak ere irten ziren kartzelatik, bermeak ordainduta eta epaiketaren zain zeuden orain.
Honekin batera jakitera eman dute artxibatu egin dutela Lekuona eta Sanchezez gain, Uberka Bravo, Aitziber Martinez, Beatriz Ilardia, Humberto Trapero eta Naroa Iturriren aurka abian zuen ekinbidea.