Espainiako Auzitegi Nazionaleko Aurreneko Zigor Salak hilaren 12an erabaki zuen Josu Uribetxebarria euskal presoa baldintzapean aske uztea, eta autoa gaur plazaratu du. Fiskaltzaren helegitea atzera botatzeko arrazoietan, zigor salak dio "nabarmena" dela Uribetxebarriak gaixotasun larria eta sendaezina duela eta, legedia betez, libre utzi beharrean zirela "arrazoi humanitarioengatik eta pertsonen duintasunerako eskubideagatik".
Fiskaltzak esaten zuen presoa ez dagoela hilzorian, baina Auzitegi Nazionaleko epaileek autoan diote "epe motzera hiltzeko arriskua nabarmena" dela, medikuen txostenek azaldu bezala. Txostenek diote Uribetxebarriak minbizia duela giltzurrunean eta metastasiak dituela buruan. Gaixotasunak ez du atzera bueltarik.
Abuztuaren 30ean Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok baldintzapeko askatasuna eman zion euskal presoari, baina epaia irmoa izan arte ez betetzea erabaki zuen. Fiskaltzak libre uztearen kontra egin zuen, helegitea sartuta.
Auzitegi Nazionaleko Aurreneko Zigor Salaren arabera, Castrok prozedura aldetik ondo jokatu zuen, Uribetxebarriaren osasuna nolakoa den ikusita gaiak "premia" zuelako. Epaileek autoan diote fiskalari ez zaiola "inolako informaziorik ukatu" eta, Castrok egin bezala, presoa bisitatzeko aukera zuela edo medikuen informazio osagarria eska zezakeela, baina ez zuela halakorik egin.
Fernando Grande-Marlaskak, Javier Martinez Lazarok, Ramon Saez Valcarcelek, Alfonso Guevarak eta Nicolas Povedak osatu dute aipatutako sala. Povedak ez beste denek egin zuten baldintzapeko askatasunaren alde —boto partikularra eman zuen hark—.
Autoan azpimarratzen dute era horretako askatasuna kartzela zigorra beste modu batera betearaztea dela, azken batean. Uribetxebarriak hainbat baldintza bete beharko ditu: ezingo da Arrasatetik irten —hangoa da—, tratamendua hartzeko ez bada; ezingo da "biktimen eta haien familien etxebizitzetara" gerturatu; "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatua du, baita "era horretako" adierazpenak egitea ere. Ustez baldintzak ez baditu betetzen, auzitegiaren erabakia gainbegiratu ahal izango da, autoak dioenez.
Presoa abuztuaren 1etik Donostiako Ospitalean dago. Oraingoz, ezin da etxera joan, eta ospitalean segitzen du.