Hogei presori ukatu die Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko espetxeetara mugitzeko eskaria; horietako bat da Carlos Trenor, 18/98 sumarioan Egin egunkariaren atalean hamar urteko espetxealdira zigortua.
Espetxe zaintzako epaileak baztertu zituen aurrena eskariak, eta helegiteak aurkeztu zituzten presoek. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak, ordea, ez ditu helegiteak aintzat hartu, iritzita espetxe politikak ez dituela presoen komunikazio, bisita, defentsa, aholkularitza juridiko, osasun arreta eta hezkuntzarako eskubideak urratzen.
"Ez da oinarrizko eskubiderik urratu, ezta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziaren ez besteren aurka jokatu ere", ebatzi du auzitegiak. Halaber, erantsi du ETAk jardun armatua eten zuenetik "nolabaiteko berriz elkartze kontrolatu bat" egin duela "ETArekin lotura guztiak hautsi dituzten presoekin".
Ramon Saez epaileak boto partikularra eman du. Haren arabera, lagun eta senideekiko gertutasuna "indarkeria terrorista arbuiatzen duen errealitate sozial aldakor batekin lotura izateko mekanismo" bihur daiteke, eta horrek, epailearen iritziz, "biktimei eragindako oinazearen aitortzaranzko gogoeta bultza lezake".
EH Bildurentzat, erasoa
Auzitegi Nazionalaren erabakia "giza eskubideen aurkako beste eraso bat" dela salatu du EH Bilduk, eta "Espainiako Estatuaren mendeku politikaren baitan" kokatu du: "Espainiako estatuak beste behin erakutsi du osatu gabeko demokrazia dela, frankismotik eratorritako sistema politiko eta judizialak oraindik ere ez dituela barneratu printzipio demokratiko guztiak bete behar direla pertsona guztientzat, eta legeak eta printzipio demokratikoak ezin direla jarri egoera eta interes politikoen zerbitzura".