Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Rafa Diez aske uzteko Baltasar Garzon epailearen erabakia eta, beraz, atzera bota ditu Fiskaltzak eta AVTk jarritako helegiteak. Joan den apirilaren 26an eman zion baldintzapeko askatasuna Garzonek Diezi. Baina kalera atera ahal izateko 30.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen, eta orduz geroztik bi astetik behin epaitegira sinatzera joan behar du, baita bere ama zaintzeari buruzko berriak eman ere txosten baten bidez.
Diezen defentsak martxoaren 8an egin zuen aske uzteko eskaera. Aurkeztutako argudioen artean, mendekotasun egoeran duen ama zaindu behar duela azaldu zuen. Mendekotasun Legean oinarri hartuta eskatu zuen kaleratzea, eta Lasarteko Udalak egiaztagiria aurkeztu zuen ama bere ardurapean zegoela frogatzeko. Vicente Gonzalez Mota Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalari, ordea,"artifizialki" eraikitako argudioa iruditu zitzaion, eta Diez kalera atera eta bi egunera, helegitea jarri zuen haren kartzelatzea ihesa saihesteko beharrezko neurria zela argudiatuz.
Espainiako Poliziak 2009ko urriaren 13an atxilotu zuen, Donostian, LABen egoitzan. Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ezker abertzaleko kideak ere atzeman zituen. Garzon epaileak agindu zuen operazioa, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan. Epaileak Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali zituen. Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre geratu ziren, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zien. Haiek atzeman eta lau egunera manifestazio handia izan zen Donostian, ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk antolatuta.
politika
Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Rafa Diez aske uztea
Fiskaltzak eta AVTk jarritako helegitea ez du onartu, Baltasar Garzon epaileak jarritako badaezpadako baldintzak bete dituela iritzi diolako. Joan den apirilaren 26an eman zion baldintzapeko askatasuna Garzonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu