Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman dio Euskalerria irratiari: Iruñerriko irratiak ez zuen interferentziarik sortzen hegazkinen harremanetan. Orain hiru urte, Espainiako Industria Ministerioak 30.000 euro ordaintzera zigortu zuen irratia, Erreniega mendatea igarotzen zuten hegazkinetan interferentziak sortzen zituelakoan. Irratia kudeatzen duen Iruñeko Komunikabideak SA enpresari auzibidea ireki zion orduan, hiru arau hautsi zituelakoan. Lizentziarik gabe emititzeagatik, 15.000 euroko isuna ezarri zioten; baimenik gabe irrati instalazioak jartzeagatik, 7.500 euro; eta interferentzia "kaltegarriak" sortzeagatik, beste 7.500 euro.
AENA aireportuak kudeatzeko Espainiako erakundeak Nafarroako Noain aireportu inguruko irratiei leporatu zien interferentziak sortzea. 2008. urtetik antzeman dituzte interferentziak hegazkinen eta Noaingo aierportuaren kontrol dorrearen arteko harremanetan. Ondorioz, ministerioak eskatu zien Erreniegatik emititzen zuten lau irratiei hedagailuak kentzeko. Euskalerria irratiak ez ezik, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Mariak ere hedagailuak zituzten Erreniegan. Lau irratiek ministerioaren argibideei jarraitu arren, soilik Euskalerria irratia zigortu zuten. Iruñerriko euskarazko irratiak helegitea jarri, eta froga zientifikoak aurkeztu zituen. Jada itzuli dizkiete 30.000 euroak.