Politika

Auzitegi Nazionalak EHAK-ko auzian ezker abertzaleko 30 lagun baino gehiago deitu ditu irailaren hasierarako

Baltasar Garzon epaileak deitu ditu, auzipetuta. EHAK legez kanpokoa den edo ez erabakitzeko auzi saioa ekainean egin zuten, Gorenean, eta honen asmoa prozesua azkartzea eta "lehenbailehen" amaitzea da.

2008ko uztailaren 23a
15:23
Entzun
Irail hasieran ezker abertzaleko 30 lagunek baino gehiagok Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko dute, EHAK legez kanporatzeko auzian auzipetuta. Baltasar Garzon epaileak deitu ditu, gaur Tasio Erkizia eta Idoia Ibero ezker abertzaleko kideek esan dutenez. Ez dute lagun horien zerrenda eman.

Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto berezia ari da aztertzen EHAK -eta EAE-ANV- legez kanporatzeko auzia, eta aste honetan jakinarazi du uztaileko larunbat, igande eta jaiegunetan eta abuztuko egun guztietan lan egingo duela. Modu horretan, Gorenaren asmoa prozesua azkartzea eta "lehenbailehen" amaitzea da. Hala, irailaren erdialderako legez kanporatzeari buruzko epaia erabakita izan dezakeela aurreikusten da.

EHAK eta ANV legez kanpokoak diren edo ez erabakitzeko auzi saioak ekainean egin zituzten, Gorenean. Bi auzi saioetan Estatuaren Abokatuak zein Fiskaltzak frogatu egin nahi dute bi alderdiok Batasuna legez kanpoko alderdiaren jarraipena direla. Lekuko moduan aurkeztu diren polizia txostenetako egileek onartu dute ez dutela ondorioztatu alderdiok Batasuna finantzatzen dutela.

"Ofentsiba judizial hau Euskal Herriaren kontrako gerra deklarazioa da", esan du Erkiziak. "Salbuespen egoeran gaude baina [Felipe] Gonzalezek GALekin lortu izan ezin zuena, ezingo du lortu [Jose Luis Rodriguez] Zapaterok". Halako neurriekin, gatazka "luzatu" egingo dela uste du, eta EAJ Espainiako Gobernuaren "laguntzailea" dela salatu du.

Ezker abertzaleak Marko Demokratikorako proposamena daukala gogoratu du Erkiziak, eta horregatik jotzen dutela euren kontra.

Irailean bertan, ezker abertzaleko Udalbiltzaren kontra epaiketa hasiko da, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.