ETAren biktimak

Auzitegi Nazionalak ez du Begoña Urroz ETAren biktimatzat

ETAk hildakoak 1968tik hasten da zenbatzen, eta Donostiako haurra zortzi urte lehenago hil zuten.

Espainiako Poliziaren 1961eko txostena; hilketa, DRILi leporatzen dio. ESPAINIAKO ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALA
jon ordonez garmendia
2016ko maiatzaren 11
13:29
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Biktimen Laguntzarako Bulegoak gaur jakinarazi du ETAk hildako 864 lagun dituela zenbatuak, eta zehaztu du 1968 eta 2009 bitartean hil zituela. Kontaketa horren arabera, beraz, Auzitegi Nazionalak ez du ETAren biktimatzat hartzen Begoña Urroz, 1960an Donostiako Amara auzoan lehergai batek eztanda eginda hil zen haurra. Urteetan hilketa hori ETAri leporatu zaio, nahiz eta azken urteetan zenbait ikerketak garbi utzi duten ez zuela ETAk hil.

2011. urtean, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajean argitu zuen hori garai horretan ETAn izan zen jendearekin, eta Rikardo Arregi sari berezia jaso zuen lan horregatik. Bi urte geroago, Poliziak 1961ean auziaz eginiko txostena desklasifikatu zuen Espainiako Artxibo Historiko Nazionalak, eta, horren arabera, DRIL taldeak Donostiako Amarako geltokian jarri zuen lehergailu batek eztanda egitean hil zen Urroz. DRILeko terroristak izenburupean, Amarako atentatuaren eta ondoren eginiko atxiloketen xehetasunak azaltzen ditu Poliziak agirian. "Lehenbiziko aldiz, dakigula behintzat, Espainiako agiri ofizial batek argi eta garbi egozten dio DRILi leherketa horien erantzukizuna", esan zion 2013an BERRIAri txosten hura eskuratu zuen kazetariak, Xavier Montanyak.

Aipatzekoa da, ordea, ikerketa horien emaitza ezagutu arren, Espainiak Urrozen hilketa ETAri leporatzeko egin duen ahalegina. Espainiako Gobernuak hipotesi hura bultzatzen zuen orain dela lau urte ere eta Espainiako Kongresuak eta Nafarroako Parlamentuak (UPNren azken agintaldian), besteak beste, Urroz hil zuten egunaren urteurrenean gogoratu zituzten ETAk hildakoak, ekainaren 27an. Baina azken urteetan argitaratu diren informazioek heldulekurik gabe utzi dute saio hori, eta Auzitegi Nazionalaren zenbaketak erabat baztertzen du. 2013an Donostiako Udalak urrezko domina eman zion Urrozen sendiari.

Auzitegi Nazionalaren zenbaketaren berri Carme Alba Biktimen Laguntzarako Bulegoko presidenteak eman du ETAren biktima guardia zibilak hitzaldian, Madrilen. "Esklusiba bat da, ematen den lehen aldia baita", esan du. Gaineratu du orain arte ez dela egon biktimen erregistro ofizial bat, eta auziak sakabanatuta daudela auziegi militar, ohiko, probintzial eta Nazionalean. Azaldu du 21 hildakoren txostenak galduak dituztela, eta 152 auzi daudela artxibatuta epairik gabe, eta preskribatu ez badute berriro ireki daitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.