Egunkaria-ren kontrako ahozko epaiketa egin egingo dela baieztatu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak, atzera bota duelako defentsak maiatzaren 7an auzitegiak ateratako autoaren kontra sartutako helegitea. Ez du jakinarazi noiz hasiko den epaiketa. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria eta Txema Auzmendi daude auzipetuta. "Egiaz eta benetan, geu gara epaiketa honetako biktima bakarrak", esan zuten auzipetuek duela hilabete emandako prentsaurrekoan.
Fiskalak kasua artxibatzeko eskatua zuen arren ("delitu frogarik ez dagoelako"), Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. salak ahozko epaiketa egitea erabaki zuen duela hilabete pasatxo. Auzian ez dago akusazio partikularrik, eta herri akusazio gisa ari diren AVT eta Dignidad y Justicia elkarteen eskaerak aintzat hartu zituen salak. Bi orrialdeko auto baten bidez eman zuen erabakiaren berri.
Jose Mari Elosua eta Iñigo Iruin defentsa abokatuen ustez, maiatzaren 7ko autoak "zigor prozedura arautzen duen oinarri-oinarrizko printzipioen erabateko haustura dakar".
Halaber, erabakiak Auzitegi Nazionalak berak ezarritako aurrekariekin hausten duela iritzi diote abokatuek, eta auzitegiaren "erabaki kontraesankorrek ziurtasun juridiko falta areagotu" egiten dutela. Prozedura penalean Fiskaltzak duen "rola gutxitu", eta "interes partikularrak eta politikoki oso lerratuak" defenditzen dituzten eta herri akusazio gisa diharduten elkarteena "handitu" egiten du erabakiak, abokatuen iritziz, "instrumentalizazio politikorako bideak zabalduz".
Egunkaria auzia
Auzitegi Nazionalak ez du onartu 'Egunkaria'-ko auzipetuen helegitea eta epaiketa egingo dela baieztatu du
Defentsak zioen maiatzaren 7ko autoak "zigor prozedura arautzen duen oinarri-oinarrizko printzipioen erabateko haustura" dakarrela. Auzitegiak ez du jakinarazi noiz hasiko den ahozko epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu