Orain sei egun erabaki zuen Maria Paz Prieto Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko magistratuak Kontuz elkarteak Nafarroako Kutxako (CAN) auziari buruz jarritako salaketa ikertzea. Salaketaren zati bat, ordea, Auzitegi Nazionalean ikertzekoa zela ebatzi zuen, eta Madrilera bidali zuen hari buruzko informazioa. Delitu zantzuak ikusi, eta Eduardo Torres-Dulce Estatuko Fiskalak baimena eman dio orain Auzitegi Nazionaleko fiskalari ikerketa abiatzeko. «Auzitegi Naziona- leko fiskaltzari baimena eman diot Banca Civicari buruzko instrukzioa aurrera eraman dezan», aurreratu du Eduardo Torres-Dulce Fiscalak berak, Madrilen egindako ekitaldi batean.
Bere baitan CAN, Caja Burgos, Caja Canarias eta Caja Sol batu zituen Banca Civica erakundea da Auzitegi Nazionalak ikertuko dutena: haren bat egitea, eta burtsaratzea, zehazki. Eta UPD alderdiak bere garaian aurkeztutako Banca Civicaren aurkako salaketa ere hartuko dute oinarri gisa.
Maria Paz Prieto Iruñeko magistratuak egindako bereizketan, bigarren adarra da nolabait Espainiako Auzitegi Nazionalean ikertuko den hori. Alegia, 2009. urte amaieratik Caixabanken erosketaraino, Banca Civicari buruzko zein bere burtsaratzearen inguruko auzia da han ikertuko dena. Gainerako guztia, Nafarroako Kutxaren gestioaren zein diru sari ilunen ikerketa, bere gain hartuko du Prieto epaile instruktoreak. Kontuz-ek egindako salaketan delitu zantzuak antzeman ditu, eta «zigor arloko ondorioak» izan ditzakeela adierazi. Zentzu horretan, heldu den asteartea argigarria izan daiteke, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak agerraldia egingo duelako Parlamentuan.