Auzitegi Nazionalak seina urteko zigorra ezarri die Oiartzualdeko sei gazteri

Segi gazte erakundeko kideak direlakoan zigortu ditu; beste 11 gazte absolbitu egin ditu

Herritar eta eragile ugariren babesa jaso dute gazteek. A. CANELLADA. / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urteko espetxe zigorra ezarri die Oiartzualdeko (Gipuzkoa) sei gazteri, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita. Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Iosu Arruabarrena, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza dira zigortutakoak. Absolbitu egin ditu, berriz, Haizea Iriarte, Beñat Burlada, Alexander Etxeberria, Egoitz Urbe, Hodeiertz Urain, Alain Luna, Iker Zabala, Oinatz Arbelaiz, Oihana Mugika, Gaizka Ibeas eta Imanol Sagarzazu.

Gazte horietako batzuk 2008an atxilotu zituen poliziak; beste batzuk, epailearen aurrean beren kabuz deklaratzera joan zirenean. Inkomunikazio egoeran atxilo emandako egunetan tratu txarrak eta jazarpen sexuala jasan zutela salatu zuten.

Javier Gomez Bermudez buru izan duen epaimahaiak frogatutzat eman du zigortutako sei gazteak Segiko kide direla. Froga gisa erabili ditu haien etxebizitzetan eta Oiartzualdeko lokal batzuetan antzemandako dokumentazioa —itsasgarriak, elastikoak, legez kanporatutako erakundeekin zerikusia zuen propagandarako materiala eta gazte topaguneetan egindako argazkiak, besteak beste— eta atxilotuek Auzitegi Nazionaleko instrukzio epailearen aurrean eginiko adierazpenak. Segi «ETAren estrategiaren» menpekoa dela dio epaiak, eta zigortutako sei gazteak Oiartzualdeko taldea«antolatzen eta gidatzen» zutela.

Iazko ekainean egin zuten ahozko epaiketa, Madrilen. Lehenengo auzi saioan Imanol Sagarzazu auzipetuaren aurkako akusazioa kendu zuen fiskalak.

Auzipetutako hiru gazte, berriz, ez ziren aurreneko saio horretara aurkeztu, protesta moduan. Ehunka herritarrek babestuta, Errenteriako Xenpelar plazan atxilotu zituen Ertzaintzak, eta auzitegira eraman.

Gazteek azken hilabeteetan euren egoera salatzeko lanean izan dira, eta hainbat elkartasun adierazpen jaso dituzte. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak harrera ofiziala egin zien iazko uztailean.

Zigorraren berri jakin ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia salatu du ezker abertzaleak. Komunikabideetara igorritako ohar batean adierazi du «epaiketa eta sententzia politikoen» amaiera ezinbesteko osagaia dela bake eta normalizaio prozesuan aurrera egiteko. Era berean, alderdi eta eragile guztien legeztatzea exijitu du, eta «jazarpenea» amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.