Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur ateratako autoa zehaztu beharra izan du, gauzak nahasi samar zeudelako gaurko, biharko, astelehenerako eta astearterako euskal presoen eskubideen alde Arrasaten (Gipuzkoa) deituta dauden ekitaldiez. 15:30ak aldera atera duen autoan ez du zehatz-mehatz adierazi ekimenok debekatuta daudenik, eta bukaeran esaten zuen Ertzaintzari horiek zaintzeko agindu diola, "terrorismoa ez dezaten goratu". Handik pare bat ordura Velascok berak zehaztu du ekitaldiok galarazita daudela, "atzean ETA dagoelako, indarkeria goraipatuko dutelako eta biktimei mespretxu egingo dietelako".
Etxerat presoen senideen elkarteak deitu ditu elkarretaratze eta manifestazioak: gaurko 19:30erako iragarri zuten mobilizazioa, biharko 18:30erako, astelehenerako 19:00etarako eta astearterako 19:30erako, Etxean nahi ditugu lelopean. Gaur, 20:00ak aldera, hainbat lagun iragarria ez zuten toki batean ekimena egiten saiatu dira, Euskal presoak Euskal Herrira maindireak banatzen hasi dira, baina ertzainek eragotzi egin die.
Pakito Arriaran zenari bihar Arrasaten egingo dioten omenaldia ere debekatu du epaileak, gaur bost eta erdiak aldera zehaztu duenez.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin zituen Etxeraten ekitaldiak, baina atzo EAEko Auzitegi Nagusiak baimendu egin zituen, eta Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako salako presidenteak zioen Jaurlaritzak ez daukala horiek debekatzeko frogarik. "Jaurlaritzak Etxeraten elkarretaratzeetan presoen argazkiak erakustearen atzean beste asmo bat dagoela uste badu, hori frogatu behar zuen ekitaldiak debekatuak izateko. Gainera, ez dago argi presoak [Euskal Herrira] gerturatzeko eskatzeko manifestazio batek terrorismoaren biktimen aldeko legea urratzen duela eta presoen argazkiak erakustea delitua dela".
Etxerat legez kanpo uzteko "lanean"
Carlos Urkijo PPko legebiltzarkideak Etxeratek legez kanpo beharko lukeela esan dio gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari (PSE-EE), hori ahalbidetzeko neurriak har ditzala eskatu dio, eta honek erantzun du lanean ari direla, Ertzaintza dokumentazioa biltzen ari dela, ondoren Espainiako Auzitegi Nazionalera igortzeko, honek legez kanporatzeaz erabakia har dezan. Ekimena ondo hartu du PPk.
Aresek gaur esan duenez, Etxeraten helburu bakarra ez da presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzea, “presoen ibilbidea ere goresten duelako”. Hori hala dela erakutsi nahian, Etxeraten webgunean sartzeko eskatu die herritarrei. "Izaera politikoa du elkarte honek".
Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du Etxeratek-eta “merezi ez duten bozgorailua” daukatela halako polemikekin.
euskal presoak
Auzitegi Nazionalak zehaztu du debekatu egin dituela presoen eskubideen aldeko Arrasateko ekitaldiak
Eloy Velasco epaileak arratsaldean ateratako autoa zehaztu egin behar izan du. Hainbat lagun ekimena egiten saiatu dira gaur, baina Ertzaintzak eragotzi egin du. EAEko Auzitegi Nagusiak baimendu egin zituen ekitaldiak, Jaurlaritzak debekatzeko frogarik ez zuelako. Aresek jakinarazi duenez, Etxerat legez kanpo uzteko asmoz txostena bidaliko dio Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Nazionalari, elkarteak “presoen ibilbidea ere goresten duelako”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu