Auzitegi Nazionalaren funtzioa salatu du hango epaile ohi batek

Jose Ricardo de Prada Solaesak esan du auzitegiak "oztopo asko" jartzen dituela "terrorismoaren arazoan konponbideak lortu ahal izateko" garaian. Torturaren aurrean "utzikeria handiz" jokatzen duela uste du. Eusko Ikaskuntzaren jardunaldietan Auzitegi Nazionala hizpide izan du, gaur.

2007ko ekainaren 1a
18:30
Entzun
Jose Ricardo de Prada Solaesa epaileak gogor kritikatu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionala, besteak beste "terrorismoaren arazoan konponbideak lortu ahal izateko oztopo asko" jarri dituela uste duelako. Haren ustez, Justiziak "behin ere ez du izan behar eragozpen" indarkeriari bukaera emateko garaian, "eta gainera, agian, funtzio bat bete beharko luke".

Urteetan Auzitegi Nazionaleko epaile izana da De Prada, eta bertara itzultzeko asmoa dauka, horrek "bertigoa" ematen badio ere. Gaur egun Bosnia-Herzegovinako Gerra Krimenen Salako epailea da. Donostian egin ditu adierazpenok gaur, Miramar Jauregian, Indarkeriaren aurrean Zuzenbide Estatuaren mugak jardunaldietan; Eusko Ikaskuntzak antolatu ditu.

Indarkeriaren kontrako "borrokan", Auzitegi Nazionala "Zuzenbide Estatuaren tresna garbia da", De Pradak esan duenez, eta gaur egun auzitegia "kutsatua" dagoela iritzi dio. "Salbuespena dena, arau iraunkor bihurtu da han".

Torturaren kasuan, Auzitegi Nazionalak "utzikeria handiz" jokatu duela uste du hango epaile ohiak. "Ez dut esaten [torturetan] lagundu izan duela, baina bai askoz gehiago egin zezakeela tortura amaitzeko kontrolean; epaileak akusatua babestuz egoera batzuetan, inkomunikazioa ahalbidetzen duen salbuespeneko legearen aurrean. Horrelako kasuetan ez dago gutxieneko kontrol judizialik".

Martxoaren 11ko epaiketan, "tribunaleko presidentearen aldetik akusatuenganako jarrera beldurgarria eta harroa" ikusi ditu. "Auzipetuei txistua botatzea baino ez da falta epaiketa honetan".

Hain zuzen, Javier Gomez Bermudez da M-11ko epaiketako tribunaleko burua, eta De Prada azkeneko hilabeteetan harekin lehian ibili da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente izateko. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) hiru bider izendatu zuen Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko buru izateko, eta hiruretan inpugnatu egin zuen De Pradak, bera ere Zigor Salako buru izateko hautagaien artean zegoelako. Auzitegi Gorenak aurreneko bietan onartu egin zituen inpugnazioak, baina hirugarrengoan ez, eta Gomez Bermudez izendatu dute Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.