"Sukaldariak gara, jende ona, besteak zoriontsu egitea da gure ahalegina. Errespetua eskatzen dugu, zenbait kasutan ez baigaituzte errespetuz tratatu. Eskerrik asko". Hitz horiexek esan ditu Pedro Subijana sukaldariak auzitegitik atera bezain laster. Bere izenean ez ezik, Arzaken, Argiñanoren eta Berasategiren izenean mintzatu da. Errespetua eskatzeaz gain, afera lehertu zenetik elkartasuna adierazi dieten erakunde, enpresa eta petsonei eskerrak eman dizkie Subijanak.
Serio sartu dira sukaldari biak auzitegira, eta bisaia bertsuarekin irten dira. Segituan, aireporturako bidea hartu dute Jose Luis Barrenetxea abokatuarekin batera. Kazetari asko bildu da auzitegiaren atarian sukaldarien irudien zein adierazpenen zain.
Espaniako zenbait komunikabidek eta iturri judizialek egindako filtrazioen arabera, Ugaon (Bizkaia) atxilotutako Jose Luis Beotegik iraultza zerga eskatu zien aipatutako sukaldari biei zein Karlos Argiñanori eta Martin Berasategiri; beti ere informazio horien arabera, Arzakek eta Subijanak ordaindu egin zuten. Inkomunikazio aldian torturatu egin zutela salatu zuen Beotegik Andreu epailearen aurrean, eta hainbat adierazpen torturek behartuta egin zituela.
Litekeena da Argiñanok eta Berasategik ere Auzitegi Nazionalean deklaratzea aste honetan, baina, segur aski, lekuko gisa.
Elkartasuna
Gaur goizean Euskal Herri osoko sukaldari askok batzarra egin dute Donostiako Sukaldaritza Eskolan, eta hiru orduz bilduta egon ondoren, agiri bat plazaratu dute Arzak, Subijana, Argiñano eta Berasategirekin gertatutakoa salatzeko. Afera honek guztiak "tristura eta haserrea" eragin diela agertu dute, eta aipatutako sukaldariak lintxatu nahi izan dituztela nabarmendu dute. "Gu harro sentitzea posible egin dutenak pertsona horiek lintxatu nahi dituzte, oinarrizko eskubideak errespetatu gabe", dio agiriak.
Horrez gain, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak sukaldariekin gertatzen ari dena salatu du. Hain zuzen ere, filtrazioa bidegabea dela adierazi du, eta "kriminalizazio eta lintxamendu"saioa dagoela gertakari honen atzean.
Askatasuna erakundeak, berriz, Arzaken eta Subijanaren deklarazio hartzea "torturaren bidez lortutako deklarazioetan" oinarritzen dela salatu du, hain zuzen ere, ETAren kontrako operazioan atxilotutako Peio Alcantarillak eta Jose Luis Beotegik torturak salatu dituztela nabarmenduz.
'Iraultza zerga'
Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, aske atera dira Arzak eta Subijana
Ordu erdi inguruz deklaratu dute Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldari ezagunek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aurrean, inputatu gisa, eta ondoren aske atera dira biak. Biek inputatuta jarraitzen dute, baina Andreu epailea kasua artxibatzea aztertzen ari da. Auzitegitik irtetean "errespetua" eskatu du Subijanak berarentzat zein auzi horretan nahastu dituzten beste sukaldarientzat. Jose Luis Beotegi atxilotuaren ustezko deklarazioan oinarrituta 'iraultza zerga' ordaintzea egotzi die Andreuk Arzaki eta Subijanari, eta talde armatuari laguntze delitua leporatu die. Karlos Argiñano eta Martin Berasategi ere susmopean jarri ditu. Beotegik inkomunikazio aldian torturak jasan zituela salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu