euskal presoak

Auzitegi Nazionaleko auzi medikuek ondorioztatu dute Uribetxebarriak espetxetik kanpo jarraitu behar duela

Jose Luis Castrok atzera bota du Ainhoa Baglietto abokatuaren helegitea, eta presoari egin dizkiote epaileak eskatu dituen probak. Presoaren abokatuak salatu du ez duela oraindik txosten hori jaso.

2013ko abuztuaren 9a
17:51
Entzun

Europa Press albiste agentziak aurreratu duenez, Espainiako Justizia Ministerioko auzi medikuek ondorioztatu dute Iosu Uribetxebarria euskal presoak etxean jarraitu behar duela bere gaixotasuna dela-eta jasotzen duen tratamentuarekin. Txosten horretan jaso dute bere gaixotasuna ez dela areagotu eta, hain zuzen, espetxetik atera zutelako gertatu dela hori. Ez da hori, ordea, presoaren egoeraren inguruan egingo den behin betiko txostena, hilaren amaieran eta irailaren hasieran egingo dizkioten proben emaitzak sartzea falta delako, eta horrekin batera bi auzi medikuen azken azterketa.

Europa Pressen arabera, probak egin ondoren Justizia Ministerioko Medikuntza Institutoak ondorioztatu du "espetxetik kanpo" artatu behar dela Uribetxebarria. Auzi medikuen arabera orain urtebete presoa etxera bidaltzeko zeuden arrazoiak mantendu egiten dira gaur egun ere, eta bere egoera "larria eta sendaezina" dela gaineratu dute. Hiltzear dagoela esan dute eurek ere, eta garbi utzi nahi izan dute osasun irizpideak izan dituztela soilik. Auzi medikuen ustetan, guzti horregatik, garbi dago Uribetxebarriak orain arte bezala jarraitu behar duela gaixotasuna tratatzen.

Azken probak epailearen aginduz egin dituzte. Epaileak bere autoan ez du aipatu proba gehiago egiteko eskaeraren gainean Bagliettok aste honetan esandakoa. BERRIA.INFOri egindako adierazpenetan, abokatuak esan zuen "krudela eta bidegabea" dela "hiltzear" den gaixo bati proba gehiago eginaraztea, eta horrek, gainera, auzitan jartzen duela Donostia Ospitaleko medikuen lana. Gainera, zehaztu zuen presoak ez diola uko egin Auzitegi Nazionalaren probak egiteari, baizik eta aldiko egiten dituen probak erabiltzeko eskatu duela.

Epaileak, baina, ez ditu aintzat hartu defentsaren argudioak, eta ohartarazi du men egin behar ziola uztailaren 18an egin zuen eskaerari. Orduko horretan, Castrok esan zuen Auzitegi Nazionaleko bi auzi medikuk egin behar zizkiotela probak, "txosten zehatz bat" egiteko. Esan zuen epaileak horrekin ez zuela auzitan jartzen iaz abuztuaren 30ean Uribetxebarria espetxetik ateratzeko hartutako erabakia. "Bere garaian eman zitzaion behin-behineko askatasunaren inguruan dituen sintomen balorazioa egin nahi da", adierazi zuen.

Autoan, epaileak gaineratu du legediak ematen diola eskubidea proba gehiago eskatzeko. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eskatu zion epaileari proba gehiago egiteko, azken 11 hilabetean artatu dutela argudiatuz. Pedro Rubira fiskalak Donostiako Ospitalaren azken txostena jaso ondoren eskatu zuen hori. Txosten horretan medikuek zioten Uribetxebarriak duen minbizia sendaezina dela eta ezin zaiola tratamentua espetxean eman. Fiskaltzak, ordea, ez zion sinesgarritasunik ematen txosten horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.