Hasi dira Ibarrako (Gipuzkoa) San Bartolome jaiak, baina ez ohiko moduan: aurten ez da suziririk piztu. Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok ostegunean azaldu zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiari jakinarazi zion euskal errepresaliatuen senide eta lagunek botako zutela jaiak hasteko suziria. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabaki du txupinazoa bertan behera uztea, “prebentzio gisa”, eta, erabaki horri erantzuteko, elkarretaratze jendetsua egin dute herriko plazan. Txupinazoa bertan behera uzteko agindua ordu erdi lehenago jaso dute udaleko ordezkariek.
"Ez da delitu, inondik inora, Festa Batzordeak maitasuna eta elkartasuna adierazten duten horiei leku bat egin izana Ibarrako festetako programan", adierazi dute batzordeko kideek, eguerdian kaleratutako komunikatuan.
Ibarrako Udalari babesa agertu dio Etxeratek, eta Urkijoren jarrera "arduragabea" arbuiatu du, "gatazkaren konponbidearen aurka egiten ari dela" gogoraraziz: "Agerian geratu da figura honek gure herrialdearen errealitatearen berririk ez izateaz gain, euskal errepresaliatuen senideen aurkako jarrera beligerantea duela". Urkijoren karguaren aurka, "EH Bilduk ordezkaritza horren ezabatzea exijitzen zuen eskakizunarekin bat egiten dugu, euskal gizartearen borondatea oztopatzeko duen jarrera tematia dela-eta", gehitu du.
Denbora tarte laburrean gertatu da guztia. Fiskaltzak ostegunean eskatu zizkion azalpenak udalari, errepresaliatuen senide eta lagunek suziria jaurtitzeko arrazoiak galdeginez, eta ostiral goizean goiz bidali zien erantzuna Ibarrako Udalak. Erabakia eurena ez dela izan argitu dute EH Bilduko udal ordezkariek. 2008an, EAJ alkatetzan zegoela, egutegi bat osatu zuten 2024. urtera bitartean suziria jaurtiko zuten taldeekin, zozketa bidez. Zerrenda horretan erabaki zuten 2015ean nork botako zuen.
#AGIRIA Fiskalaren idatzia Ibarrako Udalari, txupinazoaren inguruko informazioa eskatuz http://t.co/mOAUvgVo5Rpic.twitter.com/Qx2sxY8Bv4
— Berria.eus (@berria) August 21, 2015
Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak 11:00etan dei egin zion Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateari, eta jakinarazi ostiralean bertan ez zutela fiskaltzan erabakirik hartuko eguerdia baino lehen. Hala ere, suziririk ez botatzeko aholkatu zien, telefono bidez. Gipuzkoako Lurralde Auzitegitik 11:40an jaso zuten debekuaren berri ematen zuen agindua, fax bidez.
Udal ordezkariek eta jai batzordeak bart egindako bileran erabaki zuten debekuari elkarretaratze jendetsu batekin erantzungo ziotela, eta hala egin dute, "herri honek bere erara antolatzeko daukan eskubidearen aurkako beste eraso bat" salatzeko. "Debekuak eta mehatxuek ez dute lekurik gurean".
Urkijoren eskaera
#AGIRIA Carlos Urkijoren idatzia, Ibarrako jaietako txupinazoa debekatzeko eskatuz http://t.co/mOAUvgVo5Rpic.twitter.com/SJXEDlTr3S
— Berria.eus (@berria) August 21, 2015
Bolandera errepresaliatuen senide eta lagunek botatzea "biktimekiko iraina" litzateke, Urkijoren ustetan, eta ostegunean estatuaren abokatuari agindu zion txupinazoa bertan behera uzteko eska zezala. Halaber, abokatuari eskatu zion Ibarrako Udalaren aurkako helegitea aurkez zezala.
Urkijoren arabera, "terrorismoaren biktimekiko beste umiliazio onartezin bat" eragotzi nahi du: "Jakin dezatela biktimek beti izango dutela gobernuko ordezkaritzaren konpromisoa, ustezko garai berriek haiengan babes gabezia eragitea eta ETAren historia kriminala zuritzea eragozteko".