EUSKAL PRESOAK

Auzitegiak onartu egin du Hernaniko presoen batzordea

Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea jarri zion Hernaniko presoen batzorde informatzaileari, baina auzitegiak atzera bota du salaketa. Auzitegiak dio udalak ez dituela urratu berdintasun, objektibotasun eta neutraltasun printzipioak.

2010eko otsailaren 23a
18:40
Entzun
Administrazioarekiko Auzien Donostiako Epaitegiak atzera bota du Espainiako Estatuaren abokatuak Hernaniko presoen batzorde informatzaileari jarritako salaketa. Epaileak ebatzi du Hernaniko Udalak ez zuela deliturik egin batzordea sortuta. Estatuaren abokatuak, forma akatsez gain, argudiatu zuen udalak ez zituela bete erakunde guztiek bete beharreko berdintasun, objektibotasun eta neutraltasun printzipioak. Epaileak, ordea, atzera bota ditu argudio guztiak.

Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) sortu zuen batzordea, 2007an. Estatuaren abokatuaren arabera, objektibotasunik ez zuen batzordeak, euskal presoak soilik dituelakoan kontuan eta ez dagoelakoan preso guztiei oro har laguntzeko helbururik. Epaileak bestelakoa dio, batzordea sortzeko araua aztertuta; arauak berak dio "Hernaniko preso politiko eta sozialak" dituela kontuan batzordeak.

Epaileak gogorarazi du badirela gisa horretako batzorde gehiago, Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean, kasu. Areago, adierazi du eskumenik ez duela urratu Hernaniko Udalak.

Epaia ez da behin betikoa, eta Espainiako Estatuaren abokatuak badu aukera helegitea jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.