Lanez gainezka daude auzitegiak, gauza jakina da. Denbora luzea behar izaten dute epaileek auziak ixteko. Iazko datuak, adibiderako: Hego Euskal Herrian, 386.945 kasu iritsi ziren auzitegietara; batez beste, 1.325 kasu epaile bakoitzeko. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarenak dira zenbakiak. «Kolapsoaz» mintzo den elkarterik bada. Espainiako Gobernuak udazken honetan bertan amaitu nahi du egoera hori. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak herritarren bizkar arindu nahi du zama: tasak kobratzen hasiko da —frankismo garaitik ez dago horrelakorik—, herritarrak auzitegira «gehiegitan» ez joateko eta dirua lortzeko; gainera, lan batzuk notarioen esku utziko dituzte. Babes judiziala ezbaian dagoela ohartarazi dute.
Osasunean bezala, justizian ere berrordainketa ezarriko du Madrilek. Oinarria: zergen bidez bildutakoa ez da aski gastuari aurre egiteko, eta herritarrek «zati txiki bat» pagatu behar dute zerbitzua jasotzeko. Frankismo garaiko sistemara itzultzea litzateke hori. 1959an ezarri zituzten tasak, idazkari judizialen soldatak osatzeko; 1986an ezabatu zituen gobernuak.
Justiziara errazegi jotzea ekarri du horrek, Mercedes Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentearen iritzian. «Herritarrentzat dohainik da justizia, eta herritar batzuek batere beharrik gabe jotzen dute justiziara. Begirunerik gabe erabiltzen dute». Salaketa bat auzitegira iristen denean martxan jartzen dute «makinaria guztia», haren esanetan. «Gehiegizkoa da batzuetan. Gutxieneko gastua 2.500 eurokoa da auzi bakoitzeko, eta abian jartzen da ehun euroko kasuengatik ere».
Guerrerok uste du tasak jartzea modu egokia dela horrelako «gehiegikeriak» saihesteko. Gaur egun ere badaude tasak, baina ez dituzte herritarrek pagatzen; enpresa handientzat soilik dira. PPk berak ezarri zituen, 2002an, gobernuan zenean. Salaketak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi ziren. Aurten eman du epaia: «Jarritako karga ekonomikoak prozesuarekin du zerikusia. Enpresa handiei tasak jartzea balekoa da. Prozedurak mesede egiten die interes eta eskubideetan».
Tasa handienak, helegiteei
Herritarrei iritsiko zaie txanda, eta, gainera, garestiagoak izango dira tasak. Errekurtsoak jartzea zaildu nahi dute bereziki: 1.200 euro ere kobratuko dute. Dirua ez dute itzuliko kasua irabazita ere. OCU kontsumitzaile elkarteak salatu du tasa horiek baino gehiago kobratzea duela buruan PPk.
«Gehikuntzak ez dira oso handiak, baina helegiteetan bai. Krisi garaian 500 euro garestitzea arazoa da», ohartarazi du Javier Rivas abokatuak. Europako Abokatuen Elkargoko idazkari nagusia da. Bi kasutan izango da eragin handiena, haren arabera: bide zibileko apelazio helegitean eta administrazioarekiko auzietako helegitean. Herritarrei aurpegiratzen dietena erakundeek egiten dutela salatu du: «Administrazioak joera du auziak luzatzeko eta azkeneraino helegiteak jartzeko». Herritarrak ere maiz helegitea jartzera «behartuta» daudela dio, epaiak ez direlako bidezkoak.
Guerrerok eta Rivasek ez dute zalantzarik: tasak jartzeak ekarriko du auziak gutxitzea. Baina bidezkoa da? Abokatuak oso zalantzan jarri du neurria: «Ez da bide onena. Jendeak ez dio auzitegira joateari utzi behar dirurik ez daukalako edo garestia delako».
Arriskuan dago babes judiziala? Baietz uste du abokatuak. Tasen alde egonagatik ere, ondorioekin ez dago ziur epailea: «Agian, egon daiteke arriskuan babes judiziala. Ikusi egin behar, baina eragina izan dezake». Beste neurri batzuk behar direla bat datoz biak. Rivasen iritziz, prozedurak laburtzeak eta bitartekaritzaekarriko luke lan zama arintzea. Harago jo behar dela dio Guerrerok: «Tasekin ez dira konponduko justiziaren arazoak. Denok dakigu erreforma sakon bat behar dela. Lege hain bermatzaileak ez izateak eta epeak laburtzeak mesede egingo lukete». Hala ere, adierazi du Hegoaldean hobea dela egoera Espainiako auzitegietan baino.
Krisiak izan du eragina auzitegietan, eta lana areagotu egin du. Auzitegietara iritsitako konkurtsoen kopurua bostetik gora biderkatu da 2008tik: urte hartan 75 ziren lehen sei hilabeteetan, eta aurtengoan, 329. Etxeak husteko prozedurak ere asko ugaritu dira: 1.473 izan dira aurten Hegoaldean sei hilabetean; egunean, lau pasa.
Laguntza notarioentzat
Kontrakoa gertatzen ari da notarioen bulegoetan. «Krisiaren eraginez, lau urteotan izugarri erori da gure jarduna, lotura handia baitauka higiezinekin eta finantza alorrarekin. Lau urtean erdira jaitsi da lan bolumena». Kezkaz ikusten du egoera Felipe Pouk, Nafarroako Notarioen Elkargoko presidenteak. «Handia da jaitsiera, areago aintzat hartuta lan ekonomikoak jaitsi direla: etxeen salerosketak, hipotekak... Horiekin lortzen dugu diru gehien, ez oinordetzekin eta halako lanekin».
Egoera hori ikusita, auzitegien lan batzuk notarioen gain uztea proposatu du Espainiako Gobernuak. Bi batean egingo lituzkete, beraz. Hori uste du Pouk: «Guk lana izango genuke, eta auzitegietako pilaketa arinduko litzateke».
Duda handiak sortu ditu proposamen horrek: epaileek ez luketenez esku hartuko, bermerik ba ote legokeen auzitan jarri dute. Rivas: «Auziak epailearen aurretik pasatzea berme bat da. Notarioak fede emaile publikoak dira, baina, noski, euren zeregina ez da hori, eta ez daukate espezializaziorik».
Lan mugatua izango luketela argitu du Pouk: «Soil-soilik gatazkarik ez duten kontuak hartuko genituzke. Printzipioz, badago auzitegian adinako bermea. Aldeetako bat ados ez dagoen unetik, auzitegira joko dute ». Desberdintasuna egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du Guerrerok, ezin dela inolaz ere parekatu epaileen eta notarioen egitekoa. «Notario batek ezingo dio inoiz irtenbiderik eman gatazka bati; epaileak daude horretarako. Izatekotan ere, zerbaiten fede emango luke, betiere desadostasunik ez bada».
Zer egingo lukete notarioek? Bi alorrek sortu dute zalaparta handiena: ezkontzek eta banaketek. «Uste dut horiekin ez dugula asko arinduko auzitegietako zama, ez baitaude horregatik trabatuta», erantzun du notarioak. Banaketen kasuetan daude zalantzak; gatazkarik egon ez arren argitu beharreko kontuak egoten direlako tartean. Duda handiak ditu Rivas abokatuak: «Gatazkarik ez egotea eta auzitegira jo beharrik ez izatea hobea da noski, baina, azkenean, nahiz akordio bat egin, hobe da abokatu batek gainbegiratzea, xehetasuna argi egoteko».
Notarioen prezioaren beldur
Pouk dio oinordetza kontuetan nabarituko dela aldea: «Testamenturik gabe hiltzen bada norbait eta seme-alabarik ez badu, auzitegira jo behar da orain. Horrelakoak notariotzetan egiteak izugarri libratuko lituzke auzitegiak».
Guerrero epaileak ohartarazi du eskumenak notarioen esku uzteak herritarrei kalte egingo liekeela. «Guk zerbitzu publikoa dohainik ematen diegu. Notarioek kobratu egingo liekete». Pouk erantzun du notarioena ere zerbitzu publikoa dela. «Horregatik ezin ditugu bulegoak itxi, nahiz krisiak jota egon». Prezioekin beldurrik ez izateko eskatu du: «Notariotzetako prezioak inoiz ez dira askeak. Espainiako Gobernuak ezartzen ditu, eta ez ditu aldatu 1989tik. Merkatu soilik egin ditzakete notarioek, %10 gehienez». Uste zabaldua da garestia dela notarioarenera jotzea. «Faltsua da, ordea. Ohartu notarioen fakturan tarteko gastuak agertzen direla».
PPren proiektua «flotagailu bat» izango dela onartu du Pouk. Udazkenerako du itxaropena jarria: Espainiako Gobernuak esana du urtea amaitu aurretik indarrean jarri nahi dituela neurriak.
Justizia. Espainiako Gobernuaren erreforma
Auzitegietan ere, berrordainketa
Frankismotik lehen aldiz, tasak pagatuko dituzte Hegoaldeko herritarrek auzitegietara jotzeko. Espainiako Gobernuak dio «gehiegi» erabiltzen dela justizia, eta auzitegietako lan zama arindu nahi du. Notarioek egingo dituzte epaileen lan batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu