Clara Rangelen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketaren hirugarren saioan, auzitegiko medikuek gaur adierazi dute Rangelen zauriak ez direla "bateragarriak" Ertzaintzak atzemandako labanarekin. Auzitegiko hiru medikuk deklaratu dute gaur —hilketaren ostean ezbeharraren lekuan izan ziren—.
Hirurek argitu dute Rangelek bederatzi zauri zituela. Horietako bat lepoan zuen, eta horrek "tamaina handiko" arteria bat ebaki ziola azaldu dute. Atzemandako labanak zauri horiek eragin ez zituela argudiatzeko, bizkarrean zuen zauria aipatu dute. Haien arabera, zauriak 9 zentimetroko sakonera eta 3,2ko zabalera du, eta labanaren xafla ikusita, zauriaren zabalera gutxienez 4 zentimetrokoa izan beharko litzateke.
Medikuetako batek esan du "fisikoki ezinezkoa" dela labana horrek Rangel hil izana. Haren bikotekide eta ustezko hiltzaileak atzo adierazi zuen ez dela Rangel hil izanaz oroitzen.
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten, Errenterian (Gipuzkoa), labankadaz.