Zeresana emango dute PSNk antolatuta Iruñean atzo egin zen Euskara Nafarroan, oraina eta geroa topaketan politikariek egindako adierazpenek. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Lourdes Auzmendik Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikan duen postura kritikatu zuen. Argi eta garbi. «Horma bat da euskararen gaia lantzean». Bi erakundeen arteko harremanak «normalizatzeko» ahaleginak egin badituzte ere, antzuak izan direla onartu zuen.«Behin eta berriro» Miguel Sanzek zuzentzen duen gobernuak elkarlanari muzin egin dio, Auzmendiren arabera. Euskararen Legea, gainera, UPNk «edukiz hustu» duela uste du Jaurlaritzako ordezkariak: «Herren geratu da». Saio berean, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek, Euskararen Legea «egokitzeko» borondatea agerian utzi zuen.
Ezin du ezkutatu. Zapuztuta daude Lourdes Auzmendiren asmoak.«Gaizki ulertuzko 30 urteren ondoren», behin PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako agintea hartu ostean, «Euskadiko lehen gobernu konstituzionalistarekin», Nafarroako Gobernuarekin harremanak samurtuko ziren esperantza zuen, baina nahi eta ezinean ibili dira ordutik. Aurrera egin ezinik.
Ez du elkarlanerako esperantza galtzen. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuarekin aurrera urratsak egite aldera, Nafarroan Euskararen Legea «hobetzeari» garrantzitsua deritzo: «Nafarroako egoera soziolinguistikoa ez da Euskadikoa bezalakoa, eta akordioa ezberdina izango da, baina iruditzen zait hemen posible dela beste hizkuntza politika bat, Nafarroako historiarekinbat etorriko dena, euskaldunak kontuan hartuko dituena, baina ez dakitenak ez dituena bazterrean utziko».
Politika egokiak sustatzen ez badira, euskara desagertzeko «arriskuan» egon daitekeela ohartarazi du Auzmendik. Jaurlaritzako ordezkariaren arabera, galtzeko denborarik ez dago. «Nafarroako Gobernuak ezin du gaiari bizkarra ematen jarraitu». Arazoa konpontzeko bidean «agintekeriak eta alderdikeriak» guztiz baztertu behar direla azaldu du, eta testuinguru horretan, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana garatzea ezinbestekoa dela. Adibide gisara, Eusko Jaurlaritzak EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin Ipar Euskal Herrian ituna izenpetu berri duela nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuarekin ere, bide beretik jo nahi dute. «Gauza askok batzen gaituzte», azaldu du. «Nafarroarekin kolaboratu nahi dugu, elkar errespetatuz eta errealitateak ezberdinak direla onartuz».
PSNren nahia
Prest da PSN Euskararen Legean «zenbait aldaketa» egiteko. Nolanahi ere, oker deritzo foru erkidegoan euskara «ezartzeari». Nafarroako kulturan euskara «modu adiskidetsuan» errespetarazi behar da Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren arabera. Euskaldunei «gutxieneko baliabide» batzuk ematearen alde da, harago egin gabe.
«Euskarari eusteko baliabideak bermatu behar dira, bortxaz zabaldu gabe».Nolanahi ere, eremu ez euskaldunean euskarazko irakaskuntza publikoa eskaintzearekin bat dator Jimenez. Ez mugarik gabe. «Eskaria badago, eta oso gastu handia ekarriko ez badu».
Auzmendi: «Horma bat da Nafarroako Gobernua euskararen gaia lantzean»
Jaurlaritzako hizkuntza politikako buruak UPN kritikatu du; PSNk dio Euskararen Legea «egokitzeko» prest dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu