Ez da oraingo kontua. Krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik, ugaritu egin dira telebista publikoak eraisteko edo horien kudeaketa arlo pribatuaren esku uzteko eskatzen duten ahotsak, haizea alde zutela jakitun. Europatik zetozen albisteak ez ziren oso baikorrak telebista eredu publikoa defendatzen dutenentzat, Greziako telebista publikoa ixtea eta egoitza hustea horren adibiderik latzena izaki. Espainian ere, azken hilabeteetan etengabea izan da pribatizazioak, langile kopuruen murrizteak eta zenbait kate ixteko aukera ere iragartzen zituen marmarra.
Azkenik, joan den astean iritsi zen kolpea. Kaltetua, oraingoan, RTVV Valentziako Irrati-Telebista (Herrialde Katalanak) izan da. Valentziako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen hedabideak proposatutako enplegua erregulatzeko espedientea, mila langile inguru kalean utzi behar zituena. Albistea jakin eta berehala, langile horiek guztiak berriro lanean hasteak "jasan ezineko gastua" ekarriko zuela iritzita, katea bertan behera uztea erabaki zuen Valentziako Generalitateak.
Lehenengo kolpea emanda dago, baina gerta daiteke azkena ez izatea. Espainiako RTVE kate publikoa albo batera utzita, Forta federazioa osatzen duten autonomia erkidegoetako telebista publikoek 210 milioi euro gastatu zuten 2010ean, eta 44 milioi besterik ez zuten jaso; hots, 166 milioi euroko defizita eragin zuten. Urte hartan, sarreren %74 diru laguntza publikoetatik iritsi zitzaizkien aipatutako telebistei. Datu horiek kontuan harturik, pentsatzekoa da administrazio askok izango dutela Valentziako Generalitatearen urratsei jarraitzeko tentazioa.
Kaltea herritarrei
Vicent Mifsud (Tavernes de la Valldigna, Valentzia, 1968) RTVVko langilea da, eta CCOO sindikatuaren ordezkaria langile batzordean. Dioenez, erabakiak RTVVko 1.700 langileei eragiten die zuzenean, baina benetan kaltetuak Valentziako herritarrak direlakoan dago: "RTVV zen hiru probintzietako informazioa ematen zuen hedabide bakarra, hemen egunkariak ere probintzia mailakoak direlako. RTVV itxita, herrialdea egituratzeko bide aparta galduko lukete herritarrek. Valentziarrok geure burua ezagutu eta herri gisa aritu ahal izateko aukera zapuztea litzateke. Horri kalte ekonomikoa ere gehitu beharko litzaioke, ikus-entzunezko sektoreari, kazetariei, aktoreei eta abarri egindakoa".
Kalte horien artean, ez da txikiena hizkuntzari egiten zaiona. Valentzian katalanez aritzen ziren hedabide bakanetako bat zen RTVV, eta hori desagertzeak "demokraziaren aurreko egoerara itzultzea" ekarriko luke, Mifsuden iritziz: "Valentzieraz hitz egiten duten herritarrak bigarren mailako herritar bilakatuko lituzke horrek. Guk berdin ordaintzen ditugu zergak, gaztelania hutsez emititzen duen RTVE finantzatzeko ere, baina, trukean, ez daukagu gure hizkuntzan emititzen duen telebistarik".
RTVVren gestioa "txarra" izan da beti, Mifsudek dioenez: "Alderdi Sozialistak agintzen zuenean ere ez zen ona, baina Eduardo Zaplana [PP] iritsi zenetik [1995ean] okerrera egin zuen". Kontrolik gabeko zorpetzea, erabaki ulertezinak, futbol taldeetara eta PPtik gertuko enpresetara dirua desbideratzeko amarruak eta are "ustelkeria" zantzuak ere ikusten ditu Mifsudek azken hogei urteotako jardunean.
Langileen ustez, zerbitzua pribatizatzeko asmoa dago Valentziako irrati-telebista publikoarekin gertatutakoaren atzean: "Telebista publikoen kontrako mezua kate pribatuetatik hedatzen ari da, eta arlo publikoa pribatizatzeko asmoari lotua da. Zerbitzua negozio pribatuarekin ordezkatu nahi dute. Valentziako presidente Alberto Fabrak esan du RTVV ixten dutela hezkuntzan eta osasun arloan murrizketa gehiago ez egiteko, baina alderantziz da: hedabide publikoak pribatizatzeko saioa ongi ateratzen bazaie, ateak zabalik izango dituzte hezkuntza eta osasun arloa pribatizatzeko".
EITBren eredua
EITB ere, RTVV bezala, Forta Autonomia Erkidegoetako Irrati eta Telebista Erakundeen Federazioko kidea da. Auzoko etxeari sua atxikitzen zaionean norberarenari gogoa ematea aholkatzen du esaera zaharrak. Libre al dago EITB hedabide publikoak pribatizatzeko joera horretatik? Izan ere, Valentzian gertatutakoaren harira, batzuk, Vocento taldeko egunkarietan esate baterako, hasiak dira EITBren eredua ere ezbaian jartzen.
Bigen Zupiriak (Hernani, Gipuzkoa, 1961) ondo ezagutzen du euskal telebista publikoa; han denbora luzean albistegietako argitaratzaile eta erredaktoreburu izateaz gain, ETBko zuzendaria izan baitzen 2008tik 2009ra. Egun, Deia- ko zuzendaria da. Ez du arriskuan ikusten EITBren eredua; ez, behintzat, eredu horrek "indar korrelazioa" alde duen bitartean: "Espainian, ildo horretatik hartu diren erabakiak PP agintean dagoen lekuetan hartu dira; ez dut Alderdi Sozialista horrelako erabakiak hartzen ikusi. Hemen ere, presioak egongo dira kudeaketa publikoaren inguruan gauzak beste era batera izan daitezen, baina indar korrelazioaren arabera hartuko da bide bat edo bestea".
Zupiriaren ustez, estatuaren joera zentralizatzaileak daude autonomia erkidegoetako hedabide publikoak ezbaian jartzeko asmo horren atzean, baina, horrez gain, "zerbitzu publiko guztiak zalantzan jartzen ari den ekonomia ikuspegi liberala" ere antzeman daiteke. Zenbait erkidegotan osasun arloan egindako pribatizazioa "hedabideen arlora ere" eramatea da helburua, eta, horretan, "komunikazio talde indartsuen interesak" ikusten ditu Zupiriak, hedabide horien kudeaketa eta programazioaren zati handi bat enpresa pribatuen esku uzteko.
ETBko zuzendari izan zen garaian, RTVVren jarduera gertuagotik ezagutzea egokitu zitzaion Zupiriari. Dioenez, "harrigarria" iruditu zitzaion Valentziako Gobernuak hedabidea kudeatzeko zuen modua: "Gobernuak bazekien ematen zion diru laguntzarekin ezinezkoa zela RTVVk eskaintzen zuen zerbitzua finantzatzea, eta, hala ere, ez zion mugarik jartzen egoera horri. Haren erantzuna izaten zen zorpetzen uztea. Eta horrek ekarri du RTVVren zorra izugarria izatea. Beste telebista batzuetan ere egiten zen zorra, baina finantzabidea zorraren bidez lortzeko kontu hori benetan ulergaitza iruditzen zitzaidan".
Zupiriak defendatzen du telebista publikoak beharrezkoak direla: "Ez nago seguru Espainia bezalako estatu batean hamabost irrati-telebista publiko behar ote diren", zehaztu du, «baina uste dut komenigarria dela telebista publikoak egotea, batez ere Espainian telebista sistema nola planteatzen den ikusita. Espainiako errealitatea da telebista kate pribatu guztiak kanpotarren esku daudela, italiarren esku zehazki, eta kate horien artean oso aniztasun gutxi dagoela. Telebista publikorik gabe, iritzi aniztasuna ez litzateke bermatuta egongo Espainian".