Konponbiderako gero eta aukera gutxiago geratzen zaizkio Kukutza gaztetxearen auziari. Errekaldeberriz Errekaldeko auzo elkarteko kideek hala ohartarazi zuten atzo goizean, Bilboko udal ordezkariekin bildu aurretik: «Hau da azken aukera. Alkatearen esku dago». Bada, udalak ez zuen amore eman. Gaztetxea hartzen duen eraikinaren alokairua ordaintzeko eskatu zioten bizilagunek administrazioari, eta horrek ezetz erantzun. Aldiz, beste eraikin bat alokatzeko prest agertu zen udala, baina auzo elkarteak irmo erantzun zuen: «Eraikina aldatzerik ez dugu onartuko: egungoa ez den beste aukerarik ez dago. Abandonatuta zegoen, auzoak berreskuratu zuen, eta Errekaldeko bihotza bihurtu da. Ezin da bihotza aldatu».
Uztailean Bilboko Hirigintza zinegotzi Ricardo Barkalarekin eta Alkateordetzako kabinete arduradun Andoni Aldekoarekin izandako bileran, mahai gainean jarritako proposamenaren harira egin zuen atzo eskaria auzo elkarteak. Izan ere, «Errekalde inguruko beste eraikin industrial baten alokairua ordaintzeko borondatea» agertu zuen udalak bilera hartan, eta horrekin batera «epe luzerako lankidetza hitzarmen bat sinatzekoa».
Beraz, jarrera hura berresteko eskatu zion Errekaldeberrizek udalari: «Hitzarmena sinatzeko eta alokairu bat ordaintzeko prest dagoenez, Kukutza eraikinaren jabeekin kontaktuan jartzea eta hori alokatzea proposatuko diogu». Hartara, ez litzateke eraikina eraitsi beharko, eta Kukutzak bere jarduera mantendu ahal izango luke, auzokideen arabera.
Itxaropen handirik ez zuten bizilagunek bileraren aurretik, eta, haiek espero bezala, «miraririk» ez zen gertatu. Uztaileko proposamena berretsi zien Barkalak, hau da, beste eraikin bat alokatzea. Hirigintza zinegotzia gaztetxea babesteko prest agertu da, eta «interesgarri» jo du Kukutza proiektua. «Baina haiei laguntza emateko ezinbestekoa da legezko baldintzak betetzea», nabarmendu du. Hots, udalak ezin du alokairua ordaindu eraikina okupatuta dagoelako eta, beraz, gaztetxekoak ez daudelako hor «legez».
«Auzokideen mugimendua beti egon da legezkotasunetik kanpo, erakunde publikoek albo batera utzitako lekuetan», erantzun du Errekaldeberrizek. Auzoaren historia hurbilari begiratu bat eman besterik ez dago: bizilagunen borrokari esker dauzka Errekaldek eskolak, plaza, bide asfaltatuak... «Garraio publiko faltaren aurka borrokatu ginen, eta autobusak bahitzeraino heldu ginen».
Hortaz, haien ustez, instituzioek Errekalden ekipamendurik ez jartzeak eraman ditu auzokideak eraikina okupatzera eta Kukutzarekin bat egitera: «1995ean Kukutza hartzen duen lur eremuaren kalifikazioa aldatu eta ekipamenduetara bideratzeko eskatu genion udalari, eta uko egin zuen». Era berean, auzo elkarteak gogora ekarri du Euskal Herrian badaudela beste hainbat egitasmo, «herritarrek legez kanpo sortuta eta gerora erakunde publikoek euren gain hartuta».
Ricardo Barkala auzokideekin berriro biltzeko prest agertu da, baina zehaztu du «oso zail» ikusten duela irtenbiderantz aurre egitea, bizilagunak «tematuta» daudelako. Auzo elkartea tinko mintzatu da: «Bitxia da guri egoztea intoleranteak izatea, udalak ez baitu bere jarrera milimetro bat ere aldatu».
Tematuta bainoago, nekatuta daude auzokideak. Errekalde «utzita» eduki duten instituzioei «erantzukizunak eskatzeko» prest daudela berretsi dute: «Honek guztiak porrot egiten badu, gure jokabidea horren araberakoa izango da».
Jarrerok ikusita, irtenbide zaila du auziak. Gainera, Barkalak adierazi du udalak ez duela zertan auzian esku hartu, Kukutzak hartzen duen azpiegitura «pribatua» delako —Cabisa SA enpresak du jabetza—. Errekaldeberrizek gezurtatu egin du hori: udalak ez dio erantzun auzo elkarteak eraispen aginduaren kontra jarritako helegiteari. Errekurtsoa onartuz gero, gaztetxea botatzeko prozedura geldiaraziko litzateke, eraikina husteko agindua barne.
Edonola ere, Hirigintza zinegotziak mezua igorri die Kukutzaren barruan daudenei: eraikina botatzeko agindua heltzen denean gaztetxea husten ez badute, «Ertzaintzak egingo du».
Auzokoen eskaria alboratu, eta udalak muzin egin dio Kukutza alokatzeari
Bizilagunek ez dute onartu udalaren kontraproposamena: beste eraikin baten alokairua ordaintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu