Auzolana eredu hartuta

Martutenen, Txomin-Enean eta Usurbilen herritar ugari ibili dira auzolanean, urak eraginiko kalteak arintzen. Auzoek eskertu dute keinua: «Estimatzen da».

Auzolanera joan zirenen artean alkatea, Juan Karlos Izagirre. J.C. RUIZ / ARP.
arantxa iraola
Donostia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Martutene eta Txomin-Enea inguruan, Donostian, ehundik gora lagun ziren atzo. Usurbilen ere eginda zuten deia. Propio joan ziren, auzolanerako deiari erantzunez, iragan asteburuan euriteen ondorioz bortitzen kaltetutako lekuetara. 08:00etan hasi zuten martxa. Lanak antolatzeko ardura auzotarrek hartu zuten, auzo elkarteen bidez. Aurreko egunetan premien «erradiografia» egin zuten, eta lehentasunak ebatzita zituzten. Garbitzeko geratzen ziren zenbait behealdetan lokatzak kendu, ezinean ikusi diren hainbat adineko pertsonari garbiketetan lagundu, hainbat garajetatik ura atera... Goiz beteko lana izan zuten. Langileen artean, Donostiako alkatea bera: Juan Karlos Izagirre. Herritar gisara azaldu zela zioen, eta uzkur mintzatu zen kazetariekin: «Gaur ez da hitz egiteko eguna; ez dut nahi».

Agustin Peña auzotarraren lokalean eman zuen goizaren parte bat Izagirrek, katiuskak eta auzolanaren aldeko elastiko bat soinean, garbiketa lanetan. Adineko gizona da Peña, igeltsero aritua. Urez bete zitzaion lokala asteburuan. Zur eta lur dago: «1953ko uholdeetan baino 12 cm gehiago oraingoan». Eskertu zuen auzolanean joandakoen jarduna. «Estimatzen da». Baita alkatearen keinua ere: «Ez da gutxi, beste zenbaitek ez luke egingo».

Bizilagunek, hala ere, lehendik ere ondo dakite zer den auzolana. Clara Cantero auzotarraren etxean ederki hartua diote neurria. «Martutene oso auzo langilea da; senarra, esaterako, langabezian da orain, eta hementxe ibili da egunero, geratu ere egin gabe». Maria Jesus Olano, Mendiburu gasolindegiko langilea, ere jo eta su ari zen atzo, negozioa bere onera noiz ekarriko. Begi onez hartu zuen auzolan ekimena. «Baina lehenago etorri behar zuten; jende asko abandonatuta sentitu da».

Orbel artean

Estu ikusi da, adibidez, Esther Alesanco. Etxeko beheko aldea hartu zion urak: dena da ura, lokatza eta orbela. Aste guztia darama garbiketetan, eta laguntza urria izan dela dio. Orbelez betetako edukiontziak husteko, esaterako, eskari asko egin behar izan zituztela, eta ez zietela kasurik egiten. Atzo eskertu zuen, hala ere, auzolana. «Jendea lan eta lan ari da: asko aurreratu dugu».

Aseguruetako ikuskatzaileak noiz joan zain daude bizilagun kaltetu gehienak. Horietako bat da Marian Lasarte. Ibai ondoan bizi da, eta etxe barru-barruraino sartu zitzaion Urumea lehengo asteburuan. Horrelakorik ez du oroitzen, baina lehendik ere auzolanean makina bat saio eginak direla dio berak ere. «Auzoan, gure artean». Atzo, lagun gehiago izan zituzten alboan. Gazteak asko; Donostiako beste auzoetatik joandakoak, Donostiako Piratek antolatutakoak. Herri ekimenetan erruz jardundako jendea ere bazen tartean, EHGAMeko kide Mikel Martin, esaterako. Etxe umeletatik erretiratu behar izan zituzten ehunka tresnari erreparatu zien hark: «Oroitzapenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.