etxebizitza

Auzotarren babesak bertan behera utzi du etxe kaleratze bat Bilbon

Azken informazioen arabera, Kutxabankek familiarekin akordioa lortzeko prestasuna erakutsi du, eta posible da datozen orduetan proposamen bat eskaintzea.

Herritarrak, atarian pilatuta. ARP
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
2014ko martxoaren 4a
08:41
Entzun

Hainbat kolektibok egindako protestaren eraginez, Bilboko Santutxu auzoan gertatu beharreko etxe kaleratze bat bertan behera geratu da behin-behinean. Gaur goizean, ehun pertsona inguruk Santutxu kaleko 15. zenbakiko ataria inguratu dute, laugarren solairuan bizi ziren ama-alaben kaleratzea galarazteko. Ertzaintzaren lau furgoneta eta Udaltzaingoaren hainbat auto agertu dira atari ingurura, baina, ordu eta erdiko itxaronaldiaren ostean, lekua uztea erabaki dute, bertaratutakoen txaloen artean.

Etxebizitza horretan bizi ziren ama-alaben egoera 2011ko urrian okertu zen, 40 urte inguruko alaba langabezian geratu zenean. Zor nahiko altua dutela onartu dute kaleratzeen aurkako plataformako kideek, eta, orain, kaleratzea behin-behingoz geldituta, egin beharreko hurrengo pausoa familiarentzako alokairu soziala lortzea izango dela. Salatu dutenez, %12ko interesa ordaindu beharrean, %19koa ordaintzera behartu ditu Kutxabankek, eta familiak eman dizkion alternatiba guztiak atzera bota ditu orain arte. Familiak ordaintzeko asmoa daukala nabarmendu die.

“Ez gaitzazu begiratu, gehitu” oihu artean, pertsona asko gehitu dira kontzentraziora errepidearen beste aldean. Imanol Arnaiz PAH Kaleratzerik Ez plataformako ordezkariak azaldu du kaleratzea Kutxabank erakundeak egin nahi zuela, etxebizitzan bizi ziren bi emakumeak 2011n langabezian geratu eta gero. Hortaz, Mario Fernandez erakunde horretako zuzendariari “gizatasun gehiagorekin jokatzeko” eskatu dio.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari ere mintzatu zaio Arnaiz, Kutxabanken ezaugarriak nabarmendu ostean. “Kutxabank ez da banku ezberdin bat, besteak bezalako banku ustela baita, dirua lortu besterik ez duena nahi. Familia honen kasuan gertatu den bezala, norbait langabezian geratzen bada, orduan ez dute fede onik”.

Azken orduko informazioen arabera, Kutxabankek proposamen bat helaraziko dio familiari beste akordio bat lortzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.