Askapena erakunde internazionalistak 25 urte bete ditu aurten, eta urteurren hori ospatzeko, ekitaldi bat egingo dute azaroren 10ean Altsasun (Nafarroa). Atzo eman zuten ezagutzera ekitaldia, Altsasun bertan eginiko prentsaurreko batean. Han izan ziren Askapenako hainbat kide eta kide izandako beste asko; besteak beste, Naiara Bernal, Jesus Valencia, Gabi Basañez, Ruben Sanchez, Marine Pueyo, Nekane Jurado, Iñaki Gil de San Vicente, Txomin Ziluaga eta Walter Wendelin.
Agerraldian parte hartu zutenek 25 urteotan Askapenak egindako bideari gainbegiratua eman, eta aurrera begirako erronkak azaldu zituzten. «Sorreratik jakitun ginen elkartasunak joan-etorrikoa behar zuela, herri borrokalari batek beste bati eskainia eta jasoa. Eta, alde horretatik, Askapenak gaur arte irmoki heldu dio bere konpromisoari, Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalean aktiboki parte hartuz».
Askapenaren brigadetan eta kanpainetan parte hartu duten «milaka» militante internazionalistaren lana eskertu zuten, halaber. Eta hilak gogoan hartu zituzten; Pakito Arriaran, Begoña Garcia eta Marta Gonzalez El Salvadorren zenduak, esate baterako.
Era berean, 2010eko irailean Espainiako Poliziak eginiko sarekada gogoratu zuten, eta auzipetuak aske uzteko eskatu.
Altsasuko jardunaldietan, jairako tartea ere izango da, antolatzaileek azaldu dutenez. 25. urteurreneko abestia egin duen taldea, Vendetta, bertan izango da, beste hainbat talderekin batera. Eguerdi aldera eten bat egingo dute, Baionan Herrira-k antolatutako martxara joan ahal dadin jendea.
Bestalde, «iraultza bolivartarraren alde» astelehenean Bilbon egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dute Askapenako kideek: 11:00etan, EITBren egoitzaren aurrean, eta 19:00etan, Plaza Biribilean.
Azaroaren 10ean ospatuko dute Askapenaren 25. urtemuga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu