Azaroaren 10eko manifestaziora deitu dute sindikatuek, Baionan

Langileen ordezkariek salatu dute estatuek ez dituztela egiten bake prozesua indartzeko behar diren urratsak

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Herrira mugimenduak azaroaren 10ean Baionan eginen duen manifestazioarekin bat egin dute LAB, ELB eta Sud-Solidaires sindikatuek, baita CFDTko osasun arloak eta Frantziako Artxiboetako sindikatuak ere. Horiez gain, sostengua adierazi dute CGT sindikatuko kide ugarik; bertzeak bertze, Jean- Michel Arrostegi, Martine Etxegoien, Peio Dufau eta Florence Fatouxek. «Aieteko konferentziaz geroztiko gertakariak aukera historiko gisa ikusten ditugu Europa Mendebaleko azken gatazka armatua konpontzeko bidean», erran zuten Claire Cellan CFDTko osasun arloko idazkari nagusiak, Geronimo Prieto LABeko Ipar Euskal Herriko idazkariak eta Pedro Carrasquedo Frantziako CGT-Kulturako kideak. Sindikalistek nabarmendu zuten Frantziak eta Espainiak ez dituztela egiten bake prozesua indartzeko behar diren urratsak.

Gatazkaren konponbidean aitzinatzeko preso eta iheslarien egoera konpondu behar dela jakinarazi zieten Frantzia eta Espainiari: «Lan munduko eragileak eta langileak oro deitzen ditugu Baionako manifestazioan parte hartzera, bake justu eta iraunkorra lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.