Genero indarkeria

Azaroaren 29an eginen dute Beldur Barik topaketa

Urretxu eta Zumarragan sarituko dituzte lehiaketara aurkeztutako 224 ikusentzunezkoen irabazleak. 12 eta 26 urte arteko gazteek egindako lanetan, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea bultzatu dute.

Beldur Barik programaren aurkezpena, gaur goizean. BELDUR BARIK
maddi ane txoperena iribarren
2014ko azaroaren 24a
07:59
Entzun

Gazteen arteko indarkeria sexistari aurre egitea helburu, Beldur Barik ikusentzunezko lehiaketa antolatu dute aurten ere, eta azaroaren 29an emanen diote bukaera, Urretxu eta Zumarragan (Gipuzkoa) eginen den topaketan. 12 eta 26 urte bitarteko 224 gazte taldek parte hartu dute lehiaketan, eta larunbatean emanen diete saria irabazleei. 

Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek antolatu dute, eta azaldu dutenez, aurkeztutako lanetan neska eta mutilek erakusten dute "nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin". Azaldu dutenez, gero eta hobeto identifikatzen dituzte gazteek indarkeria sexistan eragiten duten faktoreak, eta positibotzat jo dute bide horretan programa: "Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, tresna gehiago dituzte erasoak identifikatzeko".

Bi kategoriatan banatu dituzte lanak: 12 eta 17 urte artean lehenbizikoa, eta 18 eta 26 urte artean bigarrena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dituzte, eta horiez gain bertze bi ere emanen dituzte: bozka bidez hautatutakoa bata, eta bertzea, ikusentzunezko ekoizpen onena. 

Beldur Barik Herria

Azaroaren 29an Beldur Barik herri bilakatuko dituzte Urretxu eta Zumarraga. Bertan eginen da Beldur Barik topaketa, eta arratsaldeko lauetatik hasita hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Sari banaketaz gain, tailerrak ere eginen dituzte: hilerokoa bizitzeko moduak, desiraren laborategia, autodefentsa feminista eta rap feminista landuko dira, bertzeak bertze.

Bestalde, azaroaren 25ean genero indarkeriaren aurkako puntu lilak erabiltzeko deia egin diete instituzioei lehiaketaren antolatzaileek. Gogoratu dute ikurra publikoki erabiltzeak "oinarrian emakume eta gizonen arteko ezberdintasun egoerak dituen" bortizkeriaren aurkako "konpromiso aktiboa" erakusten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.